Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Eroso

Lantegirako izena eman eta saiora agertu izanarekin herritar ikasiak bakarrik ginela eta geure parte-hartze maila handitu nahi izatearen borondatea genuen ustea zuten bertaratutako guztiek, antolatzaileekin beraiekin hasita. Terminologia azaldu ziguten, gaiaren inguruko literaturaren berri eman eta handik aukeratutako pasarteak irakurrarazi zizkiguten, lekukotzak entzun genituen, eta saioa amaitzeko ustezko egoera batzuk eztabaidatu eta haien aurrean nola jokatuko genuen azaltzeko eskatu ziguten. Ordurako gaian askoz bustiago geundela eta hurrengo txanparako, hots, ingurukoen hezitzaile izateko prest geundela esan ziguten. Tresnak eskura jarri zizkiguten; haiek erabiltzea zegokigun guri orain. Hiru orduko lantegiaren ostean, geltoki berean geunden parte-hartzaileetako hiru autobusa noiz iritsiko zain. Beste bi kideak hizketan ari ziren lantegian jorraturiko gaien inguruan. «Egoera eta gai ezerosoen aurrean jarriko gintuztela abisatu arren, nahiko eroso sentiarazi gaituzte oro har», esaten ari zitzaion bata besteari. Tira, egoerak eta gaiak ez ziren berez erosoak, baina egia da behin ere ez zigutela galdetu izan dugun, dugun eta izan dezakegun inplikazio maila, hots, gu geu jokatzen ari garen rola. Epaia, ezer izatekotan, errugabe izango zen gelan geunden guztiontzat eta zenbaiten kasuan biktima ere bai. Baina denok ez ginen errugabe, ezta biktima ere. Akaso borondate oneko, baina borondate onarekin bakarrik ez da arrazakeria amaitzen. Borondate ona maiz konplize da harekin.