Asier AIESTARAN
PILOTA

Azken orduko susperraldiak emozioari eusteko balio du

10-16 galtzen joan arren, 22-17 irabazi zuten Bengoetxeak eta Larunbek.

BENGOETXEA VI-LARUNBE 22

JAKA-ZABALETA 17

 

Asko kostata izan arren, Bengoetxea VI.ak eta Larunbek etxeko lanak eginda utzi zituzten atzo Labriten, eta horri esker Binakako Txapelketaren bi finalistak gaur erabakiko dira Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Irribarriak eta Rezustak irabazten baldin badute, Oinatzen eta Mikelen aurka jokatuko dute finala; nahiz eta galdu, Irribarriak eta Rezustak 11 tanto egiten badituzte, Olaizolaren eta Untoriaren aurka neurtuko dira; eta Irribarria-Rezusta ez badira 10 tantora heltzen, beraiek izango dira finalik gabe geratuko direnak.

Baina hori dena posible egingo duena Oinatz Bengoetxeak eta Mikel Larunbek atzo azken unean izan zuten susperraldia izan da, eta Jaka-Zabaletak izandako gainbehera nabarmena. Aspekoek sekulako partida hasiera egin zuten, jokoan goitik behera nagusituz, eta markagailuan ere alde nabarmenak izan zituzten: 7-13 eta 10-16 argienak.

Jose Javier Zabaletak sekulako maila erakutsi zuen atzeko koadroetan, Larunberi ia beti bizkarra erakutsiz, eta Erik Jaka ere bikain moldatu zen tantoa amaitzen. Lizartzako aurrelariak sekulako kolpea jaso zuen ezkerreko sorbaldan paretaren kontra 4-7koan, baina hala ere maila ederrean segitu zuen jokatzen eta aipatutako une horietan (7-13, 10-16) finalera sailkatzeko aukerekin amestu zuten.

Buruaren lanak

Neurketa oso gogorra zihoan, ordea, eta aurkariek 12. tantoa egitearekin batera –horrekin urdinak inolako aukerarik gabe geratu ziren jada–, psikologikoki ere sekulako beherakada nozitu zuten Jakak eta Zabaletak. Gorriek bederatzi tanto egin zituzten segidan, 10-16tik 19-16ra zuzenean igaroz, eta urdinek tanto bat gehiago egitea lortu zuten arren, Asegarceko bikotea aise iritsi zen 22ra.

Bengoetxearen eta Larunberen mesedetan azpimarratu beharra dago une oro lanean jarraitzeko erakutsi zuten prestutasuna. Hasierako tantoetan Oinatz oso lotuta aritu zen, eta Mikelek ere pilota argiak galdu zituen atzean. Baina pott egin beharrean, sufritzen jakin zuten eta bigarren zatian aurkarien gainbehera baliatzen ere bai.

Oinatzek, esaterako, jokoan 10 tanto egin zituen azkenerako, eta sakez beste bost, hori bai, horietatik lau gorrien azken sei tantoetan iritsi ziren, Zabaletaren ezinaren erakusgarri. «Psikologikoki oso partida gogorra izan da. Beraiek oso ongi hasi dira, eta gu baino gehiago izan dira hasiera horretan. Baina sufritzen jakin dugu eta amaieran psikologikoki behera egin dute. Buruak zeresan handia izan du garaipen honetan», onartu zuen Leitzako aurrelariak.

Erik Jaka, bestalde, triste zegoen amaieran. «Inoiz baino hobeto ari nintzen, profesionaletan gehien gozatu dudan partida izan da hasieran. Baina sekulako kolpea hartu dut eta hortik aurrera partidatik atera bezala egin naiz. Saiatu naiz ahal nuena egiten, baina gozamena sufrikario bilakatu da», adierazi zuen Lizartzakoak.

 

Fusto-Ibai Pérez y Gaubeka-Imanol, a la gran final

El Mundial de Parejas de pala ya tiene final decidida: Fusto-Ibai Pérez contra Gaubeka-Imanol. Cuatro grandes pelotaris cuya clasificación se selló en la última jornada del viernes, con triunfos de Necol-Imanol y Fusto-Brefel.

 

Setien gana a Altzueta, pero ambos a octavos

Endika y Ansa II (Setien) lograron sus primeros cuatro puntos en el Sagardoaren Txapelketa con la contundente victoria sobre Ezkurra y Aizpuru III (Altzueta) por 19-40. Ambos tendrán que jugar los octavos de final.