Ane URKIRI ANSOLA
SUPER AMARA BERA BERA

Hutsuneen aurrean egokitu, eta irabazi

Lehenengo zatian donostiarrak erosotasunez jardun ziren arren, bigarrengoan talde asturiarrak nabarmen murriztu zituen aldeak urduritasuna pizteraino.

BERA BERA 27

MAVI LA CALZADA 22


CB Mavi La Calzadaren aurkako garaipenak eta sentsazioek inoiz baino garrantzi handiagoa hartu zuten larunbatean. Esther Arrojeriaren eta Alicia Fernandezen lesioak tarteko, Montse Puche aldaketak egitera behartuta zegoen. Eta lehenengo zatiari begiratuz gero, bi giltzarriren hutsunerik ez zegoela zirudien. Elorzak, zentral postuan, taldearen gidaritza hartu zuen; Alba Menendezek protagonismo handiagoa izan zuen ate aurrean, eta Marta Lopez lateral postura mugitu zuen erasotzeko garaian.

Taldeak ondo erantzun zuen eta horren froga atsedenaldian islatzen zen markagailua: 16-9. Erosotasunez aritu ziren donostiarrak, jokalari gehienen artean banatu zituen minutuak Puchek eta Ane Encinak debut ofiziala egin zuen. 

Aldeari ezin eutsi

Bigarren zatian, ordea, hamaika zein hamar punturen aldea ezin izan zuten mantendu, eta 26-21era igaro zen markagailua amaierarako zortzi minutu geratzen zirenean. Urduritasunei aurre eginda, aldea gehiago ez murriztea izan zuen xede Montse Pucheren taldeak. Estutasunez lortu eta denboraldiko 18. garaipena eskuratu zuten donostiarrek, lidergoan jarraitzeko. Hurrengo asteburuan Base Villaverde izango dute aurkari, etxetik kanpo.