GARA Euskal Herriko egunkaria
PROFESIONALAK

Caja Rural Vueltako talde gonbidatuen artean dago aurten ere


Caja Rural-Seguros RGA talde nafarrak lasaitu ederra hartu zuen atzo, aurten ere Vueltako gonbidatuen artean dagoela jakinda. Albistea espero bazen ere, baieztapenaren zain egoten dira beti protagonistak, taldearentzat eta babesleentzat urteko hitzordurik garrantzitsuena izaten delako.

«Guretzat oso garrantzitsua da bertan egotea. Esker ona Unipublic antolatzaileari; gugan jarritako konfiantzari behar bezala erantzuten saiatuko gara, errepidean dena emanez eta azken urteetan ihes egin digun garaipen hori eskuratuz. Aurtengoa segidan korritzen dugun seigarren Vuelta izango da eta irteerara gure txirrindulari onenekin eta mailarik onenean iristen saiatuko gara», adierazi zuen Juanma Hernandez taldeko managerrak.

Aurtengo Vuelta Nimesen abiatuko da abuztuaren 19an eta Madrilen amaituko da irailaren 10ean. Hiru asteko azken lasterketa izango da, beti bezala, eta Caja Ruralekin batera beste talde gonbidatuak Manzana Postobon, Cofidis eta Aqua Blue Sport izango dira.

Aurreskua Iruñean

Euskal Herriko Itzulia ere gero eta gertuago dago, eta antolatzaileak aurkezpenetan sartuta dabiltza buru-belarri. Aurreko astean Donostian ekitaldia egin ondoren, atzo Iruñean izan ziren, aurtengo lasterketa abiatuko den hirian hain zuzen ere.

Historian lehen aldiz irtengo da Itzulia Iruñetik; datorren astelehenean izango da eta ekitaldi nagusia Gaztelu plazan egingo dute –txirrindulariei aurreskua dantzatuko diete irten aurretik–. Bigarren etapa ere bertatik irtengo da, eta akordioa 22.500 euro kostatu omen zaio Gobernuari.