GARA Euskal Herriko egunkaria
HAUR LITERATURA

Hutsaren unea


Album ilustratu hau lehen aldiz ikusi, azalean “Hutsunea” irakurri eta gorputzaren erdian zulo bat zuen neskato irribarretsuaren ilustrazioa ikusi nuenean, harridura eta poza eragin zizkidan. Harridura, neskato zulatu haren aurpegi lasaiak; poza, berriz, bazelako sentimendu horri izena jarri eta hortaz mintzatzen hasteko garaia! Jakin-min handiz hartu nuen esku artean.

Julia izeneko neskato bat da liburuko protagonista. Azalean begiak lasai itxita eta irribarretsu agertzen den neskatoa, bularraldean zulo bat duen arren. Hutsunea eta lasaitasuna iradokitzen dizkigu egileak azalean, baina ezinegon ikaragarria da lasaitasun horretara iritsi aurretik Juliak jasango duena.

Izan ere, Julia neskato zoriontsua zen, bizimodu lasaia zeramana. Baina behin hori guztia galdu eta hutsune handi bat sortu zitzaion (ilustratzaileak oso modu fisikoan irudikatu duena, neskatoari bularraldea hustuz). Sentimendu horrek ezinegon handia eragiten zion eta hutsune hura betetzen eta ezabatzen saiatu zen modu batera eta bestera, baita gauza materialekin edo azalekoekin tapatzen ere. Bete, ezabatu, tapatu… baina hutsuneak hor jarraitzen zuen eta azkenean etsi egin zuen, hondoa jo zuen.

Liburua inflexio puntu batera iristen da une horretan. Ilustrazioek ere nabarmen islatzen dute hori. Izan ere, ordura arte orrialde osoko ilustrazioak eman dizkigu Llenasek, eta, bat batean, bi orrialde zuritan esaldi hauxe baino ez: «Eta etsi egin zuen». Etsi? Baina liburua ez da hor amaitzen. Eta gero zer? Bada, beherago ezin denez joan, gora egin behar. Izan badira hondoan bizirauten duten pertsonak, baina liburu hau ez da horiei buruzkoa. Liburu hau erresilientziaz ari da, hau da, arazo, ezbehar edota trauma psikologikoei aurre egiteko dugun ahalmenaz.

«Utzi kanpoan bilatzeari, saiatu zeure baitan…». Esaldi horrek altxarazten du Julia eta lehen aldiz begiratzen dio bere buruari. Bere baitan ondo, etxean bezala, sentitzen hasten da. Hutsunea, berriz, txikitzen joango da, baina ez desagertzeraino. Juliak ere, besteek bezala, zulotxo bat izango baitu beti, bere zulotxoa; arazo, galera, ezbehar eta trauma guztiek uzten duten hutsunetxoa, bizitzaren arrastoa, norbera den bezalako egiten duena.

Hori guztia eta gehiago kontatzen eta marrazten du Anna Llenas ilustratzaile kataluniarrak bere ilustrazioekin, collagearen teknika eta berak hain ongi uztartzen duen estilo naïf horretan egindako marrazkiak uztartuz; gai honekin haurrengana gerturatzeko estilo ezin aproposagoan. Gainera, arteterapeuta ere bada Llenas eta emozio-hezkuntzaren gaiari oso lotuta daude bere azken argitalpenak. Horren eragina nabarmena da liburu honetan ere eta autolaguntzarako liburuen ukitua duela esango nuke. Hori dela eta, irakurlearen adinarekin nahastuta utzi nau.

Zazpi urtetik gorako haurrentzako liburua izan daitekeela irakurri dut batean eta bestean, baina nik ez dut batere argi ikusten. Alde batetik, ilustrazioak adin horretako haurrak (eta heldu asko) liluratzeko modukoak dira, baina gaiarekin (galera, trauma, dolua, depresioa…) identifikatzea zaila ikusten dut. Zenbaitetan, gainera, nerabeen edo helduon egunerokoan ohikoagoak diren elementuak nahasten ditu, haurrek oraindik bere egin ez dituztenak. Horretan, nerabeengandik gertuago dago hamar urtetik beherako haurrengandik baino. Ilustrazioak, ordea, infantilegiak dira haientzat.

Dudarik gabe, helduekin irakurri, berrirakurri eta hitz egiteko gaia eman beharko lukeen liburua da. Gaia ez baita nolanahikoa. Helduok ere maiz oso aintzatetsiak ditugun sentimenduak dira liburuan agertzen direnak eta horiek haurrek ulertzeko edo identifikatzeko moduan ematea ez da lan erraza. Hala ere, gai honen inguruko hutsunea betetzen saiatu da Anna Llenas eta horri esker haurrekin sentimendu hori lantzeko moduko album ilustratu eder bat dugu esku artean. Barbara Fiore argitaletxearekin kaleratu zuen 2015ean gaztelaniaz (“El vacío”) eta argitaletxe berak egin du euskaraz argitaratzeko apustua, Juan Kruz Igerabideren itzulpenarekin.