APR. 03 2017 MENDIKO ESKIA Eguraldi gaiztoak erabat baldintzatu du Andres de Regil zeharkaldia Martxoaren azken asteburuan jokatu zen mendiko eskiko probaren 42. ekitaldia, baina soilik taldekako modalitatean. Honakoak izan ziren irabazleak: Wilfrid Jumere-Loic Thevin eta Lide Leibar-Igone Campos. Andoni ARABAOLAZA Gure ingurumari honetan dugun mendiko eskiko proba aitzindariena, Andres de Regil, martxoaren azken asteburuan jokatu zen. Gogora dezagun Europako mendietan antolatzen dela, eta bi egun izaten dituela: lehenean, taldekako proba; eta, bigarrenean, kronoigoera. 42. ekitaldiak, baina, ez zuen zorte handirik izan eguraldiarekin eta bigarren eguneko proba bertan behera utzi behar izan zuten haize bolada indartsuengatik. Horrenbestez, taldekako lehia jokatu zen soilik, zehazki iragan martxoaren 25ean. Elurrarekin, bederen, ez zuten inolako arazorik izan: lasterketa egunean bertan ere bota zuen. Guztira 200 eskiatzailek hartu zuten parte, hau da, 100 taldek. Fuente De izan zen irteera puntua, baina Lorroza ingurura arte neutralizatuta egon zen proba. Behe-laino itxiarengatik, hainbat zatitan eskiatzaileek ez zuten aukera handirik izan gozatzeko; baina, gutxienez, proba hori egiteko aukera egon zen. Une jakin batean, bestalde, elur-jausi batek susto txiki bat eman zuen. Lehiakideen segurtasuna bermatu ahal izateko, antolatzaileek ibilbidearen zati bat moztu zuten. Bigarren itzulia egiten ari ziren 20 taldek aurrera jarraitzeko baimena izan zuten; ez, ordea, besteek. Hauek guztiak Fuente Deko irteerara desbideratu zituzten. Frantsesak Irakurri bezala, eguraldi baldintzak ez ziren batere egokiak izan. Baina, hala ere, talde jakin batzuek lasterketa bukatu zuten. Eta horien artean azkarrenak Wilfrid Jumere eta Loic Thevin gizonetan eta Igone Campos eta Lide Leibar nesketan izan ziren. Jumere eta Thevini dagokionez, gogoratu behar dugu otsailean jokatutako Altitoy lasterketaren irabazleak izan zirela. Bitxia bada ere, Andres de Regil- zeharkaldiaren historian lehen aldiz irabazi du talde frantziar batek. Bigarren sailkatuak Diego Diaz eta Ivan Cuesta izan ziren, eta hirugarrenak Juan Torres eta Pau Pierres. Lehen euskal taldea, Jokin Garai eta Iñigo Alzolak osatutakoa, bosgarren postuan sailkatu zen. Nesketan, berriz, irteeran azaldu ziren lau taldeetatik Campos eta Leibarrena izan zen proba amaitu zuen bakarra. Beteranoetan indartsuenak Aitor Ingelmo eta Julio Calderon izan ziren. Talde mistoetan, berriz, Agathe Beuscar eta Mathieu Leclercq. Eta, azkenik, juniorretan, Ander Gavina eta Rafa Urbizu. Lehen egunaren amaieran elurra ari zuen, baina, hala ere, bigarren proba ez zen jokatu. ANDRES DE REGIL Martxoaren azken asteburuan, Europako mendietan antolatzen den zeharkaldiko 42. edizioa egin zen. Eguraldi kaskarraren ondorioz, bi lehia egunetatik bakarra egin ahal izan zen.