Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Pedagogia britainiarra

Kataluniarrak ezberdinak dira espainiarrekin alderatuta. Orain dela mila urte Kornualles eta Galesekin harreman komertzialak zituen jende irekia dira». Norman Tebittek, Burdinazko Damaren Enplegu ministro ohiak, “Telegraph”-eko artikuluan bere iritzia eman berri du. Buruzagi kataluniarrak Londresera gonbidatzeko aholkatu, kataluniarren burujabetza eskubidea Nazio Batuetara eroateko prestutasuna erakutsi eta Gibraltarren Malvinetako irtenbidea aplikatzeko aukeraz mintzatu da. Bi ordu eta erdi daude Bartzelonatik Londresera hegazkinez. Bartzelonari Premier Leaguen leku bat eskaini izan balio, espainiarrek gerra deklaratua lukete dagoeneko.

Theresa Mayk garrantzia kendu gura izan die Tebitten berbei. Gaian sartu barik, europarrekin elkarrizketa bidezko negoziazioa erabili behar dela esan du. Une berean, Michael Howardek, Thatcherren alderdi barruko aurkari ohiak, buruzagi britaniarra gerrara heltzeko prest dela konfirmatu du, eta Boris Johnson kanpo ministroak berak argi utzi du Bruselan: «Gibraltar ez dago salgai». Michael Fallon Defentsa ministroak Royal Navya erabiltzea posible dela baieztatu du, helburu batekin betiere, britaniarren burujabetza, sovereignty-a, defendatzea.

Espektakulu multimedia horren aurrean euskalduna galdurik sentitzen da. Hainbeste alditan entzundako hitz berberak hartzaile berberei igorrita ikusirik (Boris Jonhsonen esaldia, Gibraltarren lekuan Euskal Herria ipinita, karpetako pegatina zen nire nerabezaroan). Nik neuk, psikologikoki, lehendakariaren emisio berezia behar nuen: «zoru etikoa», «indarkeriak ez du justifikaziorik», «beti da zentzugabea bezain krudela», «indarkeriak indarkeria baino ez dakar», eta abar. Baina umezurtz utzi gintuen Jaurlaritzak, bere isiltasunean.

Aste honetan lezio bat irakatsi digute britaniarrek. Hemendik aurrera euskaldunok beti esan beharko dugu: hau da gure elkarbizitza... Royal Navyrik ez daukagunon etika eta morala.