GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDI LASTERKETAK

Basque Ultra Trail probaren bigarrena, sinbolikoena

Gasteiz eta Iruñea lotuko ditu maiatzeko aurreneko asteburuan.


Iruñeak Basque Ultra Trail Series (BUTS) mendiko lasterketen zirkuituko bigarren probaren helmuga hartuko du maiatzeko lehen astean. Zirkuituak hegoaldeko lau euskal hiriburuak lotuko ditu, mendiz mendi eta herriz herri, 500 kilometroko ibilbidean. Otsailean izan zen lehen proba, Bilbo eta Gasteiz artekoa, eta, bigarren honetan, maiatzaren 5etik 7ra, parte hartzaileak Arabako hiriburutik Nafarroakora joango dira 130 kilometroko ibilbidean, besteak beste, Euskal Herriko erdigune geografikotik igarota. Beraz, Sheve Peñaren Lau Katedralen Martxa omentzen duen proba hau, kirol ikuspegitik harago, ekitaldi sinbolikoa izango da.

Erronka maiatzaren 5ean, ostiral gauerdian, abiatuko da, eta korrikalariek Gasteizko kaleetan ekingo diote bideari, Olarizuko muino aldera. Bertan, Gasteizko Mendien banalerroari helduko diote. Ondoren, Iturrieta, Entzia, Urbasa eta Andiako mendilerroetako gailurrak zeharkatuko dituzte, gure geografiako bidezidor ederrenetakoei jarraituz; besteak beste, GR-282 Artzaintzaren Naturbideari eta GR-220 Iruñerriko Itzuliari. Larunbatean, maiatzaren 6a, 15.00ak inguruan iritsiko dira Iruñeko erdigunera lehenengo lasterkariak. Hori bai, kontrola, igandean, 12.00etan, itxiko da.

Probak 12.700 metroko desnibel metatua du, eta hainbat gailur igarotzen ditu ibilbidean: Lendiz, Zalbizkar, Kapildui, Itxogana, Santa Elena, Arrigorrista, Baio, Legunbe, Maiza eta Ezkaba. Sabaia, gailur gorena, Beriain izango da (1.493 metro). Handik hurbil, San Donato mendilerroko sakonune batean, partaideek Euskal Herriko erdigune geografikoa begiztatuko dute.

Bihar amaituko da izena emateko epea eta jada ehundik gora korrikalarik eman dute izena probarako. Parte hartzea baieztatu dutenen artean Bilbo-Gasteiz probako lehen hiru neskak (Silvia Trigueros, Nerea Martinez eta Agurtzane Argiarro) eta gizonezkoen txapeldunordea (Jon Erdaide) daude.

Giroa berotzeko, larunbat goizean Basque Series Iruñea Krosa egingo da, 5,6 kilometrokoa, Gaztelu plazan hasi eta bukatuz. 12.00etan hasiko da eta Herri Krosak eta Basque Ultra Trail Series zirkuituak elkarlanean antolatu dute. Parte hartu nahi duten guztiek maiatzaren 5era bitartean, ostiraleko 24.00ak arte, izango dute izena emateko aukera.