Arantxa Manterola
Kazetaria
IKUSMIRA

Aitatxi Mixelen istorioak

Aitatxi, aitatxi... Kontatuko jendarmeek atxilotu zintuztenekoa?

–2016ko abendua zen. Bost urte lehenago, Euskal Herria bere buruaren jabe izan dadin luzaz armekin jardun zuen ETA erakundeak armak uztea deliberatu zuen, helburu horien aldeko borroka demokratikoki segitzeko garaia heldu zelakoan. Euskal eragile askok, baita nazioarteko bitartekari batzuek ere, hainbeste sufrimendu ekarri zuen ataka hartatik ateratzeko aukera galduezina zela ikusi zuten, eta, hala, konponbiderako bide orri bat adostu zuten. Bi estatuek, Espainiak eta Frantziak, ordea, ez zuten gogoko halako irtenbiderik eta, besteak beste, armagabetzeko saio guztiak zapuzteari ekin zioten. Ez atzera ez aurrerako egoera haren ondorioz, atsekabea eta ezintasuna areagotzen joan zen eta pipiak zura karraskatzen duen bezala, euskal herritarren bihotza ere higatzen ari zen, batez ere, egoera latz hura baretu beharrean pertsona askoren oinazea emendatzen ari zelako. Jendea triste eta suminduta zegoen. Horregatik, lagun batzuekin armagabetzea laguntzea erabaki nuen. Horretan ari ginela, jendarmeek atzeman gintuzten.

–Eta zer gertatu zen orduan?

–Herritar askok karrikara jo zuen haserre, Pariseko gobernuari gu aske uztea eta bere ardurak hartzea eskatuz. Eta libro geratu ginen.

–Eta gauzak konpondu ziren?

–Ez berehala. Gobernuek temati segitzen zuten berean eta azkenean armagabetze zibila antolatu genuen beste jende askoren laguntzarekin. Apirilaren 8an gauzatu zen eta geroztik langa asko zabaldu ziren, eta herritarrek itxaropena berreskuratu zuten... Baina hori beste istorio bat da.