GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

CETA eta osasunaren pribatizazioa


Donald Trumpek hauteskundeak irabazi eta gero, badirudi Ameriketako Estatu Batuen eta Europar Batasunaren arteko TTIP (Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoa) akordioa izoztuta geratu dela. CETA (Kanadarekin Ekonomia eta Merkataritza Itun Globala), ordea, Europako Parlamentuan berretsi zen otsailaren 15ean, 2009tik zortzi urtez sekretupean negoziatzen egon eta gero. Itun horren helburua Kanadaren eta Europar Batasunaren arteko muga-zergak ezabatzea eta zerbitzu eta produktu inbertsioen salerosketa erraztea izango da. CETAren alde 408 eurodiputatuk bozkatu zuten, eta 254 kontra agertu ziren. Espainiar Estatuko alderdiei dagokionez, PP, PSOE, Ciudadanos eta EAJ alde agertu ziren, eta kontra Podemos, EH Bildu, IU, ICV, ERC eta Equok bozkatu zuten. Hurrengo urratsa, estatu bakoitzeko parlamentuek behin betiko onarpena ematea izango da.

CETArekin, beraz, 500 milioi kontsumitzaileren merkatua irekiko da, eta horri gehitu behar diogu Kanadak AEBekin eta Mexikorekin akordioak dituela, NAFTAren bidez (Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna). Izan ere, AEBek CETA erabiliko dute euren ekonomia Europako merkatuan sartzeko, jatorri estatubatuarreko enpresa transnazional ugarik Kanadan egoitzak dituztelako. Eta CETAren bidez, enpresa estatubatuar horiek Europan negozioa egiteko aukera berbera izango dute. AEBetako enpresa handien %80k nolabaiteko parte hartzea dute Kanadako enpresetan.

TTIP akordioarekin salatu dugunez, CETA ere mehatxu handia izango da espainiar Estatuko eta Euskadiko osasun sistema publikoentzat. Itun bietan arlo guztietako arauak parekatu nahi dituzte, betiere, behetik joz: osasunean, ingurumenean, lan esparruan, arlo sozialean, zergetan, eta abar. Akordioon helburu bakarra enpresa handien inbertsio, komertzio eta botere harremanak indartzea baino ez da, euren jarduerari ateak zabalduz, eta arau gutxiago ezarriz.

2016ko maiatzean, hots, orain dela urtebete, Europako Kontseiluak bere adierazpenetan onartu zuen akordio bien arteko antzekotasuna: «CETA erreferentziazko akordioa da. Gure helmuga antzekoa da bi elkarrizketotan: nazioarteko akordio bat lortzea gure enpresek merkatu transatlantikoan erraztasun gehiago izan ditzaten, hazkundea eta enplegua sortuz».

Europako Parlamentuan CETA bozkatzen ari ziren bitartean, ATTAC Espainia elkarteak honakoaz ohartarazi zuen: «CETAk gobernuen gaitasuna mugatuko du zerbitzu publikoak sortu, zabaldu eta erregulatzerako orduan. Gobernuek ezin izango dute atzera egin liberalizazio prozesuetan edo porrota egin duten pribatizazioetan». Sendagaien preskripzioa garestiagoa izan daiteke eta eragin kaltegarria izan dezake pribatutasuna eta datuak babesteko oinarrizko eskubidean.

Halaber, Europar Batasunak eta Kanadak mugak izango dituzte gehiegizkoak diren patenteen kontra aritzeko. EFPIAren (Farmazia Industriaren Europako Federazioa) eta Farmaindustriaren (laborategien patronala eta Espainiako farmazia-industriaren lobby nagusia) arteko azken bilera oso argigarria izan da, batez ere ezagututa patenteen alde eta generikoen kontra espainiar Estatuan egiten duten borroka hertsia: «CETAri esker, besteak beste, farmazia-testuinguruan jabetza industrialari babesa handitu ahal izango diogu».

OMC (Organización Médica Colegial) taldeak kaleratzen duen “Médicos y Pacientes” argitalpenaren arabera, Osasun Aktan (16/02/2017) jasotakoa, «CETAk sendagaien kostuak are gehiago handituko ditu, hainbat arrazoirengatik. Besteak beste, patenteen iraupena handitzeko sistema berri bat sortuko du, eta, horren eraginez, sendagai berrien kaleratzea gutxienez bi urtez atzeratuko da». Horrez gain, kontuan hartu behar dugu ere «AEBen ostean, munduko sendagairik garestienak Kanadan daudela».

Beste alde batetik, CETAren erruz, zerbitzu publikoetan pribatizazio gehiago gerta daitezke, eta, gainera, zerbitzu bat pribatizatzen denean, ezingo da berriro arlo publikora bueltatu, Madrileko Erkidegoan gertatu den bezala, hainbat mobilizazioren eta epaitegien sententziak eta gero. Edo Alzirako Ospitalean gertatu den moduan, non Valentziako Gobernua pribatizazioari buelta ematen hasi den.

Ezkutuan egin dituzten CETAren negoziazioetan, Europar Batasuneko 11 estatuk (tartean Espainia), euren zaintza-zerbitzuak liberalizatzeko –hau da, pribatizatzeko– konpromisoa hartu dute, nagusien arreta erresidentziala kasu. CETAri esker enpresa multinazional handiek inolako mugarik gabe kontratazio publikoetan parte hartu ahal izango dute. Gauzak horrela, gobernuek ez dute aukerarik izango tokiko hornitzaileak edo irabazi asmorik gabeko elkarteak babesteko, arlo publikoko lanpostuak enpresa pribatuen esku utziz, horrek dakartzan lan baldintza prekarioekin.

TTIP akordioarekin gertatzen den moduan, CETAk ere bitartekaritza epaimahaiak sortzea aurreikusten du, ISDS/ICS delakoak: justizia paralelo eta pribatizatua, estatuetako sistema judizialetatik kanpo, enpresen eta estatuen arteko gatazkak konpontzeko. Enpresa handiek eskubidea izango dute estatuak salatzeko euren interesen kontra arauak onartzen direnean, eta estatuek agian isun erraldoiak ordaindu beharko dizkiete enpresei.

Herritarrek jakin behar dute CETAk osasun-zerbitzu publikoen pribatizazioa ekarriko duela eta horrek hainbat arrisku dituela, herritarren osasunean eragina izango duelako. Era berean, gure ordezkari politikoei eskatu behar diegu jarrera demokratikoa izan dezatela eta herritarren osasuna eta ongizatea gutxiengo baten interes ekonomikoen gainetik lehenetsi dezatela.