GARA Euskal Herriko egunkaria
Harri-jasotzea

Harri baldarrek kirolariak probatuko dituzte Zarautzen

Hamar harri-jasotzaile lehiatuko dira 18.00etatik aurrera. 117 eta 121 kiloko bi harri baldar erabili beharko dituzte, biak txandatuz, txanda bakar batean.


Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan jokatuko da gaur 18.00etatik aurrera Bi Harri Txapelketa. Bertan parte hartuko duten kirolariek 117 kilo pisatzen dituen Jai Txiki harria, eta 121 pisatzen dituen Mollari erabili beharko dituzte, biak ere harri baldarrak. Lehenengoa errektangularraren itxurakoa da, eta, bigarrena, berriz, arrautza itxurakoa.

Kirolari bakoitzak zazpina minutuko txandak izango ditu lanean aritzeko. Gaurko berezitasunen artean, ordea, bi harriekin txanda berean jardun beharko dutela da, normalean ez baita horrela izaten. Harriak txandakatuz jaso beharko dituzte. Gaur arratsaldean lanean arituko diren kirolariak, berriz, honako hauek dira: Izeta II.a, Izeta III.a, Izeta IV.a, Eizmendi, Ostolatza, Illarramendi, Telleria II.a, Eizagirre, Peñagarikano eta Mielgo. Azken hori Madrilgoa da.

Faborito garbia Izeta II.a izango da. Aiarrak iaz irabazi egin zuen, eta denera, gainera, 25 jasoaldi lortu zituen. Atzetik bere semea, Izeta IV.a, sailkatu zen, hiru jasoaldi gutxiagorekin. Jaialdi polita da, eta kirolari oso garrantzitsuek hartuko dute parte. Txanda berean bi harri jaso beharrak duen erakargarritasuna ere handia da, eta, hala, jende asko izango da gaur Zarautzen saioa ikusten.

Urrezko Aizkora

Urrezko Aizkorako Bakarkako hirugarren kanporaketa jokatuko da gaur Izarran, 17.30ean. Bertan Euskal Herritik kanpoko aizkolari ugari izango dira, arituko diren erdiak baitira kanpokoak. Hala, Segoviako eta Asturiaseko aizkolariak lanean ikusteko parada izango da.

Lanean ariko diren aizkolariak, honakoak dira: Fernandez, Fraile, España, Rodriguez I.a, Lopez, Muñiz, Elorriaga II.a, Urteaga, Oregi, Resano eta Kortxero. Aizkolari bakoitzak kanporaketa bakoitzean kana-erdiko bat eta 60 ontzako bat ebaki beharko du.

Orain arteko probetan bezalaxe, kanporaketak jokatuko dira, eta amaierako bi onenek lortuko dute hurrengo fasean aritzeko txartela. Faboritoak garbiak dira: Kortxero, Urteaga eta Resano. Hori bai, agian España segoviarra ere kontuan hartu beharko da.

Lehen kanporaketa hauetan bertako aizkolari gazteak ikusteaz gain, kanpoko aizkolariak ikusteko parada ere bada, eta zaleak ari dira hori eskertzen, jendeak berriak ikustea gustuko izaten baitu. Aurtengo Urrezko Aizkoran horretarako aukera paregabea izaten ari da, nahiz eta oraingoz behintzat, kanpotik datozenak, Asturiaskoak eta Segoviakoak, hemengoen azpitik ari diren agertzen. Egia da ere enbor klase ezberdinekin egiten dutela paraje horietan lan, eta, noski, hori ere nabarituko zuten ziurrenik aizkolariok.