APR. 08 2017 IKUSMIRA «Que bonita la Korrika» Amagoia Mujika Kazetaria Ni ere igo naiz Korrikaren olatura. Bihotza bizkor, pozik, hankak lurretik pixka bat altxatuta, irribarrez, euria aurpegian inoiz ez bezala sentituz... Sentsazio magikoa. Furgoneta urrundu orduko, baina, erori naiz zapla lurrera –modu metaforikoan–. Erori naiz zapla errealitatera. «Detras de la valla», agindu digu motorizatutako udaltzainak. Nola? «Que bonita la Korrika», ondoko gazte kuadrillak –justu gure aurretik korrika egin dute; «hemen gaude euskararen alde!»–. Badakit euskaraz ez dakien jendeak Korrikan parte hartzea ez dela kaltetan, mesedetan baizik, euskararen harra barrura sartzeko modu ederra izan baitaiteke. Baina ez da kasua, ez bat ez bestea. Udaltzainak euskaraz jakin beharko lukeela uste dut. Zalantzarik gabe. Eta aipatu dudan gazte kuadrillak badaki euskaraz, baina nahiago du euskainola. Guayagoa da. Korrikalari batzuen ekipamenduari begira harrituta geratzen naiz. Zapatila fluoreszenteak, running kamiseta eleganteak, galtzerdiak belaunetaraino... Seguru nago asko korrikalari puntakoak direla, egunero zorrotz eta zintzo beren entrenamendu planak kaskagogor betetzen dituztenak. Iruditzen zait, baina, beste asko bulkadaka aritzen direla; igandero promesa egin eta astelehenero kirola egiten hasi. Hori bai, lehen pausua: puntako ekipamendua erostea. Errazegi itzaltzen den grina hori ez nuke euskarara ekarri nahi; alegia, Korrikaren sukarraldian puntako euskaltzale eta, behin pasata, euskararen zapatilak armairura. Behin horrelako zapatila eleganteak probatuta, pena. Korrikarako bakarrik baino, egunerorako erabil daitezke zapatilok, zolak ondo gastatu arte.