APR. 11 2017 IKUSMIRA Gorde nahiko nukeena Iraia Oiarzabal Kazetaria Emozio eta intentsitate biziko gertakizunen ostean, pausatu, arnasa sakon hartu, eta odolaren berotasuna apalduta, bere neurrian, erabat hoztu dadin utzi gabe, hausnartzeko garaia ere etortzen da. Apirilaren 8an Baionan bizitakoaren ondotik zeregin horri ekiteko unea iritsiko da berandu baino lehen. Daukan garrantziaz jabetu eta aurrera begira jartzeko. «Inportantea zen gaur hemen egotea», aipatzen zuten larunbatean boluntario lanetan ari zirenek. Ederki asko konprenitu dute inportantzia hori beste milaka pertsonak: Luhuson bidea hasi zuten artisauek, ondoren pausoak emateko beharraz jabetu eta armagabetzea posible egiteko Pariseko Gobernuarekin bilerak bilatu dituztenek, prozesuan inplikatzea, edo gutxienez babestea, beharrezkoa dela ulertu duten indar politikoek eta, noski, peto horia soinean armategiak zaindu eta Poliziaren eskuetan uzteko prestasun eta ausardia erakutsi dutenek. Ez da bide erraza izan, borondate, elkarrizketa eta inplikazio handia behar izan dira mugitu nahi ez duen pisuzko arerio baten aurrean. Mixel Berhokoirigoinek aipatu zuen desarmatzeak inteligentzia indarraren gainetik kokatzen dela erakusten duela. Ez zaio arrazoirik falta. Irudimena eta adimena dira prozesu honen balio indartsu bi. Datozen erronken aurrean komeni da hori gogoan izatea. Harold Good-i kasu eginez, botila batean gorde nahi nituzke larunbatean emandako urratsak marraztutako irribarreak, larruazalak tentetu zituen zirrara, estututako ukabilen indarra eta erakutsitako konpromisoa. Bizipen horiexek ere elikatuko dutelako datorrenari aurre egiteko modua.