GARA
Surfa

Eguzki ederra eta ipar haizea Zarauzko txapelketa hasteko

Gizonezkoen aurreneko bi kanporaketak osatu dituzte, eta emakumezkoenlehia gaur hasiko da. Baldintza eskasekin, baina ez da asko hobetzerik espero.

Pro Zarautz surf txapelketa, Qualifying Series delako zirkuiturako puntuagarria dena, atzo hasi zen gizonezkoen mailako lehen txandekin. Zeruan eguzki ederra izan arren, ipar haize biziak olatuak nahasi eta ez zion gehiegi lagundu ikuskizunari, baina datozen egunetarako aurreikuspenak ere nahiko eskasak direnez, antolatzaileak ahalik eta txanda gehien betetzen saiatu ziren. Guztira, mutilen mailako 24 txanda jokatu ziren, lehen eta bigarren kanporaketa guztiak, hain zuzen ere.

Lehiaketan parte hartzen duten surflari onenak, beraz, ez ziren atzo lehian sartu, eta ustez maila apalagoko batzuk ikusteko aukera izan zuten Zarauzko hondartzara gerturatu ziren jarraitzaileek. Tartean hainbat euskal herritar. Aurrera egitea lortu zutenen artean Lander Davila, Iker Amatrian, Natxo Gonzalez edota Titouan Deffarges aipatu daitezke, eta gaur hirugarren kanporaketa jokatzeko prest izango dira.

Hirugarren koska horretan jada izen handia duten hainbat surflari ikusteko parada izango dute zaleek. Etxean garaipena lortzea zer den badakien Aritz Aranburu zarauztarra izango da agian begirada gehien bereganatuko dituena. Azken txandan egingo du surf eta alboan izango du Imanol Yeregi zumaiarra ere. Hodei Collazo eta Egiguren anaiak (Ethan eta Julen) ere sartuko dira lehian.

Euskaldunez harago, izen ezagunenak agian Jonathan Gonzalez kanariarra (iazko txapelduna), Gony Zubizarreta galiziarra (2009ko txapelduna) edota Pedro Enrique portugaldarra izan daitezke, baina ziur ezustekoak ere izango direla. Hori bai, kontuan izan behar da lehiaketak 1.500 puntu “bakarrik” banatzen dituela eta rankingeko surflari onenak ez direla Zarautzen izango egunotan.

Emakumezkoei dagokienez, lehiaketari gaur 09.00etan emango zaio hasiera, eta asmoa lehenengo kanporaketako zortzi txandak osatzea izango da. Justine Dupont, Garazi Sanchez, Lee-Ann Curren eta enparauak iaz Pauline Adok lortu zuen garaipena errepikatzen saiatuko dira. Antolakuntzatik aipatzen denez, baliteke ostiralean baldintzek ez laguntzea eta atseden bat hartzeko baliatzea, txapelketari amaiera ahal den moduan asteburuan emateko.