Ariane KAMIO
(Euskal) Kazetaria
IKUSMIRA

Literatura berriak

Euskal literatura esnatzen ari da. Izango da esaten duenik euskaraz idatzitako letrek badutela sentimendu purista bat, sabinianoa, tradizioaren atzaparretik askatu ezinda dabilena. Badu horretatik. Noski. Segun nork idazten duen, eta segun nork irakurtzen duen ere. Lan onak badaude, eta txarrak ere bai –zergatik ez esan euskal literaturan badirela asmatu ez duten idazleak? Zergatik ez ozen esan euskal letretan badirela pitorik balio ez duten lanak?–. Nire ustez, badira, baina ez naiz harria botatzen lehena izango. Eta, gainera, ez da kasua. Bai kasualitatea. Kasualitateak edo patuak –hori ere norberak nahi duen bezala interpretatzeko moduko galdera existentziala da– eraman nau gutxitan begien aurrera ekarritako lanetara. Eta elkarren artean zerikusi gutxi dutenetara, gainera.

Kattalin Minerren “Nola heldu naiz ni honaino” (Elkar) lanarekin hasita; sexu eszena lesbikoak, oso esplizituak, biziak, ia-ia nork bere larruan sentitzeko modukoak. Begiak plater handi bi bezala jartzen dituzten horietakoak. Edo Juanjo Olasagarreren “Poz aldrebesa” (Susa); nobela gay bat –baina ez-gay-a ere bai–, fideltasuna eta leialtasuna, eta tartean cruisingaren praktika –eta Olasagarre bera ETBn gaiaz lehen pertsonan–. Askapen mugimendu bateranzko bidean dira bi liburuok, baina asketik ere badute barrutik atereak dituzten “Txoriak etortzen ez diren lekua” (Alaine Agirre, Erein) eta “Azken zakatzak” (Martxel Mariskal, Susa) lanek. Gaixotasunetik eta ezinetik, agian lotsatik ere bai, uzkurtutako bizitza ertz bakanetik eratorritako poesia moldeetan egindako lan bana. Bada zer irakurri, are zer ikasi ere. Gozatu.