A.A.
BERGARA

Rezusta garaiz zuzendu da, atzelarien ohoreari eusteko

VICTOR 19

REZUSTA 22


Beñat Rezustak atzelarien ohorea defendatzen jarraituko du Buruz Buruko Txapelketan, ostiral gauean Victor Esteban errioxarrari etxeko pilotalekuan irabazi eta final-laurdenetarako sailkatzea lortu ostean. Partidari hasiera kaskarra eman arren, bergararra garaiz zuzendu zen eta gipuzkoarren arteko derbia jokatuko du datorren ostiralean Donostiako Atano pilotalekuan.

Victor askoz ere sartuago irten zen neurketara. Errioxarrak sakearekin min egitea lortu zuen aurreneko tantoetan eta Rezusta, aldiz, lekua hartu ezinik bezala aritu zen. Batzuetan airez sartu nahian, besteetan botera ipiniz, eta aukerako pilotak aprobetxatu gabe. Sakez pasa bat ere adierazi zioten epaileek –nabarmen ontzat eman beharrekoa izan arren–, eta 12-9kora arte atzelaria atzetik joan zen markagailuan.

Victorrek, ordea, ohikoa duen moduan, tanto ederrak bezalaxe egin zituen akats galantak –guztira 9 pilota argi galdu zituen, Rezustaren ia bikoitza–, eta horrek bizirik jarraitzeko aukera eman zion apurka-apurka hobetzen eta lasaitzen joan zen Beñat Rezustari. Bergararra gehiago gozatzen hasi zen eta sei tantoko partzial bati esker 12-15 aurreratzea lortu zuen.

Azken txanpak emozioa izan zuen, Victorrek partida 19ra berdintzea lortu zuelako, baina bigarren zatian ikusitakoa errepikatu zen azken tanto horietan. Rezustak serioago eta pazientzia handiagoz jokatu zuen, eta garaipena legez bereganatu.