APR. 24 2017 ZIRIKAZAN Parte hartzea libre Last update: APR. 24 2017 - 01:20h Josebe EGIA Gazteagoa nintzenean, ez zitzaidan gehiegi gustatzen dantzatzea; lagunartean jaietara-eta ateratzen hasi ginenean, gehiago nintzen baita harri azpian topaturikoekin ere hitz egiten duten horietakoa, gure mundua(k) konpondu nahian, esan ohi den bezala. Dantza, beraz, lau salto eta buru-astindu erora mugatzen nuen, rock gogorrak bilduta, eta normalean mutilez inguratuta. Naturala iruditzen zitzaidan, festetako erromerietan fandango, arin-arin eta enparauetan ia neskak bakarrik ikustea bezain naturala. Hortxe, herriko plazako dantzaldietan, beti izan diet inbidia neska horiei, besoak altxatuta oinak jauzika, jiraka eta biraka halako talde batua osatzen dutelako, gure herriko doinuen arabera gorputza libre mugitzen dutelako, baina batik bat ez dutelako beste inor liluratzeko dantzatzen, ez direlako kezkatzen beren azaleko poro bakoitzetik ohiko sentsualitate hipersexualizatua jariatzeaz. Azkenean, urteetan pilaturiko bekaizkeriari erremedioa jarri diot, ni lako beste euskal dantzazale berantiar batzuekin batera dantza-talde batean hasita. Izango gara ia hogei bat lagun, zeinetatik bospasei baino ez diren gizonezkoak, irakaslea barne. Honek izugarrizko maitasunez erakusten dizkigu pausoak eta trikimailuak, baina baita gauza gehiago ere: nongoa den dantza bakoitza, zer irudikatzen duen eta nork dantzatzekoa den, alegia, gizonek ala emakumeek, azkenekoek ezin baitute parte hartu dantza ugaritan… maila ofizialean, lagunarteko dantzaldi amateurrez kanpo, mundu hau barrutik ezagutu gabe kontrakoa eman badezake ere. Badirudi festetako jarduerei begira Alardetxo ez hain ezagun edota zaratatsu ugari ditugula oraindik, «emakumerik ez» sexistaz josiriko esparru asko… Gure taldean, ordea, guri bost ustezko tradizioa eta bere araztasuna iraunaraztea; denok dantzatzen dugu dena, dela mutilarena eginez, dela neskarena eginez, dela mutil-mutil edota neska-neska bikoteetan. Ez da partaideon genero-kontua, emakume gehiago gaudela gizonak baino eta batak bestearen rola jokatu behar duela. Dantzatu egin nahi dugu, ondo pasatuz eta taldeaz harro, eta hori berdintasunean egin barik ez dago sekula lortzerik. Neu, bestela, ez nengoke talde horretan, eta nago horretan datzala berdintasuna benetan erdiesteko funtsezko gakoetako bat: emakume guztiok planto egitea, emakume izateagatik diskriminatuak bagara, hala lagunartean nola ez dakit zer-nolako ofizialtasun-maila duten jardueretan, edonon figurante hutsak izateari uko eginda.