GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Trump ez da Trajano


Esaten da –sinetsi nahi dut egia apurra bederen izango duela esanak– Trajano enperadore erromatarrak (98-117) agindu ziela bere inguruko morroiei ez zezatela inoiz bete mozkortuta zegoenean eman zezakeen agindurik. Antza, edale asegaitz samarra zenez, ia eguneroko aginte-hutsartea, arratsalde osokoa usu, sortzen omen zuen debekuak, baina haren zuhurtziaren adierazle txalogarritzat hartu ohi dute historialari guztiek.

Ez du ematen Trumpek alkoholarekin aparteko arazorik duenik. Baina aginte-arazo bertsua eduki dezakeela dirudi. «Duty to Warn» elkargoa eratu duten osasun mentaleko profesional estatubatuarren ustez, gainera, Betican munduratutako erromatarrarena baino latzagoa litzateke egungo enperadore iparramerikarraren korapiloa. Harena, ajea gorabehera, iragankorra izango baitzen, eta honena ez.

Psikiatra eta abarrez osatutako talde horren iritzia baita Trumpek gaixotasun mental larria(k) pairatzen d(it)uela; eldarnioak eta paranoia aipatu zituen lehengoan batek jendaurrean, oso ingurumen akademikoan. Paziente ez dutenaren osasun mentalaz jendaurrean hitz egiteak norainoko ertz profesionalak eta deontologikoak dituen inor baino jakitunago izango direnez, betebehar sozial larriaren izenean plazaratu dira, esanez egoera horrek barneratzen dituen arriskuak «erantzukizun etiko» baten aurrean ipinarazten dituela, eta horregatik irteten direla jendaurrera.

Ez dute esaten, oraingoz, tesi horren ifrentzua litzatekeela Trump Etxe Zuritik kanporatu ahal izatea, gaitasunik ezagatik. Impeachmentaren gisako prozedura baten bitartez. Horrexegatik, ez da erraza bereiztea non amaitzen den adituen ikuspuntua (eta noraino den zuzena hura) eta non hasten den delibero politikoa.

Baina oso argi daukat, nolanahi ere, Trumpek ez duela Trajanorena egingo. Alegia, bere gabeziaz jabetuta, ingurukoen laguntzarekin zuhurragoa izaten ez dela saiatuko.

Kaligula eta haren antzekoetatik askoz hurbilago ikusten dut.