Haritz LARRAÑAGA
NAFARROAREN EGUNA

EURIAK EZIN IZAN DU GIRO ONA ZAPUZTU NAFARROAREN EGUNEAN

NAFARROAREN EGUNAK EUSKAL HERRI OSOTIK HELDUTAKO LAGUNAK BATZEN JARRAITZEN DU. «KARTSUKI, ALAIKI, HERRIA ERAIKI», AURTENGO LELOA, PRAKTIKAN NOLA GAUZATZEN DEN IKUSTEKO PARADA EZIN HOBEA IZAN ZEN ATZOKOA. EURI ZAPARRADA MARDULAK IZAN ARREN, JAI GIRO BIKAINAZ GOZATU ZUEN JENDEAK EGUN OSOZ.

Goiz partean izan ziren agerraldi garrantzitsuenak Baigorrin. Udaletxean, Jean-Mitchel Coscarat Baigorriko auzapezak ongietorria egin zion Joseba Asiron Iruñeko alkateari. Albiste nagusia, ordea, kalean zen, 2017ko Nafarroaren Eguna iratzartzen ari baitzen.

Eliza inguruan ziren eragile desberdinek jasotako postuak, eta baita egunari indarrez aurre egiteko askari bikaina eskaintzen zuen ostatua ere. Pixkanaka karrikak betetzen joan ziren, haize gogorrak aireratutako akazia loreek lur hartu eta haiekin batera han-hemenka soinu desberdinak sortzen ziren bitartean, hala nola, eskuko soinuaren hauspoak igorritako notak, dultzaineroen eta danbor jotzaileen piezak, kalean behera zetozen dantzarien txintxarriak edota bozgorailuetatik kantari zen Gozategi taldearen musika.

Zuntzurruek ireki zuten bidea, bulunba hots ozenekin, eta haien atzetik Nafarroa osotik gerturatutako dantzari, musikari eta erraldoiek herria zeharkatu zuten. Uztaritzeko txaranga, Baigorriko erraldoi eta gaiteroak, Agoitzeko konpartsa, Otsagabiko eta Tafallako dantzariak. Azken horiek, gainera, aipamen merezia jaso zuten, orain hogei urte baigorriarrekin harremanak lantzen hasi ostean, aurten harremanok indarberritzeko asmotan direla iragarri baitzuten. Guztien atzetik, txirrindulari lasterketetan gibelean doazen erratz-kamioiak bezala, trikitilariak, «kalea garbitzen».

Guztiek lur hartu zuten eliza ondoko frontoian eta iluntzen ari zen zeruari kolorez eta irriz egin zioten aurre. Ikuskizunak erakarrita gerturatu zen jendeak txaloz erantzun zuen; giroa aparta zen. Eguerdiko hamabietan puntuan, elizako kanpaiekin batera hasi ziren erortzen lehen euri tanta lodiak.

Irrintziak euria baretzeko

Koldobike eta Karmelek, «kartsuki eta alaiki», irrintzi luze bana bota zuten, eta amaieran, mikrofonoa hartu eta zerura begira, lainoei zuzenduz, «ea irrintziekin hodeiak botatzen ditugun eta egun ona izaten dugun», galdegin zuen zantzolarietako batek, eta esatariak erantzun, «horrekin eguzkia ez da eskapatzen ahal!».

Uhuriek efektua egin zuten, ekitaldiak iraun zuen artean ez baitzen aparteko zaparradarik izan. Baina Nafarroaren Eguna antolatzen duen Basaizea elkarteko kideek ozta-ozta irakurri ahal izan zuten aurtengo mezua. Testuinguru politikoa izan zen mintzagai nagusia. «Armagabetzea, aspaldiko proiektu globalean urrats bat gehiago» izan dela nabarmendu, eta, aurrera begira, gizarte zibilak izango duen garrantzia azpimarratu zuten. «Paradoxa bat dirudi, baina, apirilaren 8az geroztik, armak gure esku daude», ohartarazi zuen mintzalariak.

Aurtengo goiburuarekin bat eginaz, honakoa ere gaineratu zuten: «Gure egitasmoak kartsuki gauza ditzagun eta gure izatea alaiki ospa dezagun, goazen ideietatik egiteetara. Gaurko tragoek ideia berriak sortuko dituztelakoan, urrea lurpean xerkatu gabe, gure altxorra lur gainean erein dezagun».

Mezu nagusiaren ostean, bertsolariek beraiek ere euriari igorri zioten oharra: «Euriak ez du zatitzen Nafarroako jendea!». Bete-betean asmatu zuen bat-bateko kantariak, izan ere, hortik aurrera, banandu beharrean aterpeetan biltzen hasi baitzen jendea.

Mila lagun izan ziren herri bazkarian, eta beste ehunka Baigorriko eremu desberdinetan barreiatutako ostatu eta karpetan. Ateri zen uneetan sugandilak eguzkitara bezala ateratzen zen jendea plazara, abestu eta dantza egitera. Musikak, dantzak, taloek eta zintzur bustitzeak egun osoan jarraitu zuten, etenik gabe, urtero bezala, giro paregabean.