MAY. 08 2017 Aizkora Mikel Larrañaga kanpoan geratzea izan da jardunaldiko ezustea Eneko Otaño, Jon Rekondo, Joseba Otaegi eta Ruben Saralegi izan diraUrrezko Buruz Burukoan aurrera egin ahal izan duten lau aizkolariak. Jon LEUNDA Eneko Otaño, Jon Rekondo, Ruben Saralegi eta Joseba Otaegi izan dira Urrezko Aizkoran aurrera egin duten lau aizkolariak. Asteburuan lau kanporaketa jokatu dira eta lauretan onenak aipaturikoak izan dira. Herenegun Getarian jokatu ziren bi kanporaketa eta han lortu zuten garaipena Otañok eta Rekondok. Hasteko, 45 ontzakoa erlojuz kontra ebaki behar izan zuten. Ondoren, tamaina bereko enborra zutik jarrita. Hirugarrengoan, 60 ontzakoa moztu behar izan zuten; eta azkenik, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako. Lau kanporaketetan lan bera egin behar izan zuten. Otañok Lopez hartu zuen mendean. Jokatu zituzten lau probetatik hirutan nagusitu zen Beizamakoa. Zutik jarritako enborra mozten izan zen hobea Lopez, baina gakoa 60 ontzakoan egon zen. Hor Otañok minutu eta 7 segundoko aldea kendu zion, eta iraupen probara alde nabarmenarekin sartu zen gipuzkoarra, nahiz eta proba horretan ere garaile atera zen. Lan guztiak burutzeko, 17 minutu eta 40 segundo behar izan zituen Eneko Otañok, eta 19 minutu eta 3 segundo, berriz, Juanjo Lopezek. Beste kanporaketan, Jon Rekondok mendean hartu zuen Donato Larretxea. Azken hau aurretik hasi zen, lehenengo bota baitzuen 45 ontzakoa erlojuz kontra, baina gainerako proba guztietan leitzarrak aurre hartu zion. Azkenean, ordea, iraupen proban erabaki zuen auzia. Jon Rekondok lan guztiak 15 minutu eta 25 segundoan amaitu zituen, eta 16 minutu eta 24 segundoan, Donato Larretxeak. Hondarribian, Otaegik Kañamares III.ari irabazi zion. Zizurkildarrak garaipen erosoa izan zuen, jokatutako proba guztietan atera baitzen garaile. Lan guztiak 17 minutu eta 45 segundoan amaitu zituen, eta 20 minutu eta 7 segundoan amaitu zuen jarduna Kañamaresek. Beste kanporaketan, Ruben Saralegik Mikel Larrañagari irabazi zion. Zutik jarritako enborrak erabaki zuen auzia. Nafarrak lehen hiru probak irabazi zituen, eta gipuzkoarrak azkenekoa, baina horrek ez zion garaipena lortzeko balio izan. Lan guztiak 16 minutu eta 42 segundoan amaitu zituen Ruben Saralegik, eta 17 minutu eta 47 segundoan, berriz, Mikel Larrañagak. HARRI-JASOTZEA Harri-jasotzaileen Pastorkua sariketan, Mikel Lopetegik eta Iñigo Eizagirrek lortu zuten aurrera egiteko txartela. Aurrenekoak Jokin Eizmendi menderatu zuen, eta bigarrenak, berriz, Xabier Peñagarikano.