Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Milesker

Frantses gizarteari hirugarren txanda heldu zaio eta ez da hau errazena izanen. Diputatuen hautaketa heldu da eta lehia horretan borrokak odoltsuak izanen dira seguruenik. Hautaketa horretan abertzaleak ere arituko dira.

Epe motzean gure belaunaldiko bi kide kementsu galdu ditugu, azkena Michel Bergouignan, baigorriarra. Horrek gogoratzen digu gureak iraungitze data daukala eta dagoeneko ibilbide luzeena egina dugula.

Michelek Silbi Garatek egin dokumental batean aitortu zuen IK-ko belaunaldikoa zela eta militantziak garrantzi handia izan zuela bere hautuetan. Egia da belaunaldi honek, ez IKn bakarrik, beste talde armatuetan eta beste militantzia arlo askotan izugarrizko lana egin duela eta gaur egun Ipar Euskal Herriak ezagutzen dituen lorpen apurretan horren ondorioak ageri dira. Haatik laurogeigarren hamarkadako belaunaldiak salatzen zuen turismoaren aldeko agintarien apustua ez da aldatu. Gaur egun, Euskal Herria sekula baino «ederragoa» da, bukolikoagoa, eta garapen mailan turismoa eta laborantza dira gelditzen diren arlo ekonomiko nagusiak. Noski, ez dugu berdin salatzen, guhaur turista bihurtu garelako, guhaur beste herri batzuk inbaditzera goazelako, guhaurek turismoaz etekina ateratzen dugulako. Baina lehenago bezala gure gazteak kanpora doaz ikastera, lan egitera, gure gazteriaren gehiengoak ezin du herrira itzuli, herria oso tradizionalista gelditu delako eta gazteei gutxi eskaintzen dielako.

Abertzaletasunak espazio txiki bat ireki du tokiko instituzioetan, elite bat sortu da euskaraz egiten duena eta euskal berezitasuna bultzatuko duena «elkarbizitza» babestuz. Alegia frantses alderdiekin lan eginez eta tokiño bat utziz euskarari. Horrek ez dio geroa irekiko Euskal Herri aske bati. Noski euskaldun izatearen kontzientzia eta horren aldeko tolerantzia handiagoa da. Baina turismoaren indartzearekin, kanpotik etortzen diren herritarrekin, gazteei perspektiba berriak ez bazaizkie irekitzen desorekak indartuz joanen dira. Euskal kulturak eta euskarak, inbertsio ekonomikoekin batera bultzada handia beharko dute. Hau ez da instituzioetatik etorriko. Militantziak garrantzi handia izanen du. Milesker Michel.