Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Ia inork nahi ez duena

Harrigarria ere bada egun munduan gerra arrisku handiena duen eskualdean, Asia Ekialdean, zein gerra-gogo gutxi nabaritzen den. Zergatik orduan…, izango litzateke galdera.

Moon Jae-in Hego Koreako presidentegai demokrataren garaipena da horren adibide hurbil bezain argia. Egia da duela bost urte Park Geun-hyeren aurka galdu zuenean ateratakoak baino boto gutxiagorekin irabazi duela orain; baina oraingoan askoz lehiakide gehiago zituen. Eta egia balitz Ipar Korea horrenbesteko arriskua dela (Hego Korearentzat, lehenik, ezta?), nekez lortuko zuen Moonek lortu duena.

ASEAN Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoko herrialdeen aurtengo udaberriko bileraren doinua ere antzekoa izan da, arestian. Duterte anfitrioiaren erretolika alde batera utzita, goi-bileraren adierazpenak argi esaten du: «Bakea behar dugu, e!». Agian gerraren aurkakotasun horrek badu zerikusirik Trumpek Duterteri egin berri dion gonbidapenarekin, askoren kritika-gai bihurtu den arren… Filipinak erabakigarriak dira zenbait eginkizunetarako.

Esan gabe doa (baina esan ere ozenki esaten du) Txinak ez duela gerrarik nahi bere inguruan. Are gutxiago, berak parte hartu behar izatekotan. Beraz, Koreako arazoak bake-bidetik konpontzen gehiago saiatuko denik nekez izango da. Horrek ez du esan beste aukerarik ez duenik… eta hartarako prestatzen ari ez denik. Baina horretarako ere denbora behar du, eta lehentasunak bestelakoak dira.

Trump eta Kim-en arteko gerratxo bat Japoniak behintzat begi onez ikusiko lukeela pentsatzea tentagarria izan daiteke. Baina Abek badaki zein harrera txarra duen horrek bere herritarren artean. Eta horrelako suak kontrolpean edukitzea zein zaila den ere jakin behar luke; alegia, gerratxotik gerratzarrera zein azkar igaro daitekeen horrelako ingurumenean.

Zergatik da orduan gerra hain gertagarria Asia Ekialdean oraintxe bertan? Zer da ia inork nahi ez lukeena hain egingarria bihurrarazten duena? “Ia” horretan egon daiteke koska.