Amets Txurrukak txirrindularitza profesionala uztea erabaki du
«Maila gorenari eusteko nire aldetik nuen guztia eman dut, baina arazoren bat edo beste tarteko, zalantza ugari sortu zaizkit. Hori dela eta, denbora tarte bat hartu eta luze hausnartu ondoren, bizitzan beste etapa bat hasteko erabakia hartu dut. Kirol profesionala alde batera utzi eta beste bide berri batzuk irekitzeko garaia iritsi dela erabaki dut». Hitz horiekin jakinarazi zuen atzo Amets Txurrukak txirrindulari profesional izateari utzi diola.
Etxebarriko ziklista apartak 34 urterekin esango dio agur tropelari, profesional moduan hamaika egin ondoren. 2006an egin zuen debuta Barloworld talde hegoafrikarrarekin, eta egin zuen urte bikaina ikusita, Euskaltel Euskadik fitxatu zuen 2007an. Talde laranjan sei denboraldi bete zituen, eta aurrenekoan Tourreko txirrindulari borrokalarienaren saria irabazi eta Parisko podiumera igo zen.
2013ra begira, ordea, Euskaltelek ez zion kontratua berritu eta Caja Rural taldeak fitxatu zuen. Bertan hiru denboraldi egin zituen, garaipen aipagarriak lortuz: Asturiasko Itzulia eta etapa bat 2013an, Languedoc-Roussillon Tourra 2014an, eta Norvegiako zein Beauceko tourretan etapa bana 2015ean.
Urte on hori ikusita, Oricak World Tourrera itzultzeko aukera eman zion iaz, baita lan ona egin ere zenbait lasterketatan, baina australiarrek ez zioten jarraitzeko parada eman eta azkenean agur esatea erabaki du txirrindulari bizkaitarrak.
«2006an hasi zen dena. Umetatik amestu nuena egia bihurtu, eta ordura arte afizio izandakoa ofizio izatera pasatu zen. Bizitzako ametsetako bat gauzatuta, konforme nengoen eta neurekiko esaten nuen ‘egunen batean seme-alabarik baldin badut, harro kontatuko diot txirrindulari profesional izatera iritsi nintzela’. Ordutik, hamaika urte pasatu dira. Hamaika denboraldi eta hamaika poz zein atsekabe. Izan ere, ibilbide luze honetan gozatzeko uneak asko izan badira ere, une zailak ere sarri tartekatu dira, zoritxarrez. Ezer larririk ez, baina, egiari zor, behin eta berriro oztopoak gainditu eta aurrera egiteko borrokatu behar izanak arrastoa utzi dit», dio agurreko gutunean.
«Nahiz eta bidea erraza izan ez, kendu didana baino askoz gehiago eman dit txirrindularitzak. Besteak beste, bizitzeko modu bat, betirako barneratu ditudan balore on asko, pertsona ahaztezin ugari, baita munduko txoko eder asko ikusteko aukera ere», gehitzen du, bidean lagundu dioten guztiei eskerrak emanez.