Matterhorn-eko ipar paretak proposamen berria jaso du
Egileak Dani Arnold suitzarra eta Alex Huber alemana izan dira. Martxoaren 15 eta 16an zabaldutako bideari «Schweizernase» deitu diote. 1.100 metro luze da, eta 6c eta A4 zailtasun teknikoak ditu. Berez, marra berria «Gogna-Cerrutti» bidetik hasten da.
Iragan neguaren amaieran, Matterhorn edo Cervinoren ipar horma ezagunean bide berria marraztu zuten. Lan horretan jardun zutenak Dani Arnold suitzarra eta Alex Huber alemana izan ziren. Horiekin, gainera, Thomas Senf argazkilaria joan zen.
Aurrerapen gisa esango dugu sokada horrek proposamen berriari “Schweizernase” deitu diola; euskarara itzulita, «sudur suitzarra». 1.100 metro luze da, eta honako zailtasun teknikoak ditu: 6c eta A4. Hain zuzen ere, zailtasun horiek marraren sekzio gogorrenean pilatuta daude; hots, Zmutt sekzioak duen erori handiko zatian. Hitz gutxitan esanda: bide zuzena, Matterhorn-eko sabai handia gainditzen duena eta “Gogna-Cerrutti” bidetik hasten dena.
Bestalde, Huberrek esan duenez, sortutako bidea duela 15 urte amestutako xede batetik hasi zen: «Matterhorneko ipar hormaren azpian egon nintzen. Neure helburua martxoan Danirekin egin nuen berdina zen, hau da, Zmutt edo ipar hormatzarrak duen erori handiko sekziotik igo nahi nuen. Max Riechel kidearekin abiatu nintzen, baina hurbilketa bidean elur oso sakonarekin egin genuen topo. Elur gehiegi, baldintza oso arriskutsuak, eguraldi ona, eskalatzeko aurreikusi genituen egunak ez ziren nahikoak, paretaren dimentsio erraldoia, ‘beldurra’ ematen zuen erori handiko sekzioa... Etxera esku hutsik itzuli ginen. Alabaina, amets horren lehen hazia jarri genuen».
Marra luze eta osoa zabaldu nahi zuten baina, Arnoldek esan duenez, benetako erronka Zmutt izeneko tartean zegoen: «Zati hori behin eta berriro ikusi eta aztertu ondoren, ohartu ginen ‘sudur’ horrek artesi oso erakargarria zuela. Argi genuen ere beste marra batzuetan gertatu den bezala, ez zela aldaera txiki bat aterako; baizik eta bide zuzena eta ipar horma horrek duen sekzio desplomatuena zeharkatuko zuena. Eta hala gertatu da».
Azken protagonista hau Matterhornetik oso gertu bizi da, eta horrek aukera bikaina eskaintzen dio mendiak dituen baldintzak eta eskalatzeko dauden aukerak ondo baino hobeto aztertzeko. Esan dugu sokada hori “Gogna-Cerrutti” bidetik hasi zela, eta, Huberrek ez bezala, Arnoldek ondo ezagutzen zuen: «Duela hamar urte Zmutt izeneko sekzioraino dauden hamabi luzeak eskalatu nituen. Tarte horri makina bat argazki atera nizkion, eta ohartu nintzen haren erdi-erdian artesi fin baina jarraitua zuela. Hala eta guztiz ere, jakin banekien xede hau niretzat handiegia zela. Zorionez, antzeko helburua zuen Alexek. Orduan ohartu nintzen sokakidea lortu nuela. ‘Gogna-Cerrutti’ bidea eskalatu nuenean ateratako argazkiak erakutsi nizkion, eta istantean bat egin zuen nire helburuarekin».
Biek ala biek argi zuten Zmutt sekzioari neguan ekin nahi ziotela. Martxoaren erdialdean prest ziren lehen urratsa egiteko. Eguraldi iragarpenari begiratu eta aurretik bost egun lasai zituzten, hots, egonkortasuna. Zoritxarrez, elur-jausiak izateko arriskua oso handia zen.
Eguzkia irten baino ordubete lehenago atera ziren Hornli aterpetik. Ipar hormara abiatu behar zuten, eta bide hori Arnoldek ondo asko ezagutzen du: «Duela pare bat urte zeharkaldi bera egin nuen. Nire erronka ipar horma horretan azkartasuneko errekor bat ezartzea zen. Eta lortu nuen: ‘Schmid’ bide klasikoa 1:46 denboran eskalatu nuen. Baina oraingoan marra klasiko hori alde batera utzi eta ‘Gogna-Cerrutti’ bidera abiatu ginen. Elurraren baldintzak nahiko seguruak ziren, astebete lehenago izaniko haizete gogorrek elur hori sendotu zutelako. Beraz, aztarna zabaltzeko ez genuen arazo handirik izan, eta, gainera, balizko arriskua kontrolpean genuen».
Zmutt-en barruan
“Gogna-Cerrutti” bidearen sarreran zeuden, eta Zmutt-era iristeko hamabi luze zituzten aurrean. Huberrek onartu duenez, eskaladaren lehen metroak Arnoldentzat oso aproposak ziren: «Marraren hasieran izotza eta mistoa dira nagusi. Tarte horietan Dani oso ondo moldatzen da, eta, beraz, hasiera horretako ardura berak hartu zuen. Ondoren, arrokazko bost luze oso tente zeuden. Zorionez, baldintzak onak ziren. Hotz egiten zuenez, luze horiek eskularruekin eskalatu nituen. Ipar horma horretan bederen ez zegoen elur asko».
Zmutt sekziotik gertu ziren; haren sarreran, hain zuzen ere. Gaua igarotzeko plataforma deseroso bat antolatu zuten. Huberrek adierazi duenez, berez, erlaitz txiki batean igaro zuten gaua: «Gure buruen gainean erori handia duen zati erraldoi hori genuen. Jakin bagenekien gaua oso deserosoa izango zela. Oso zorrotza izan zen, luxurik gabekoa. Hotz handia jasan genuen, eta une oro eguneko lehen izpien zain egon ginen. Negua zen! Hotz handia egiten bazuen ere, burua biharamunean igo behar genuen sekzioan zentratuta genuen. Zintzilik dagoen sekzio ezezagun horri ekiteko prest geunden. Bagenekin hura gainditu ahal izateko, lan eskerga egin behar izango genuela. Niretzat zati horrek Dolomitetako Lavaredoko Cima Ovest-en dagoen sabai erraldoi horren antz handia du. Lavaredokoa eskalatu dudanez, ezagutzen dut; Zmutt-ekoa, ostera, ez».
Biharamuna iritsi zen. Bidearen giltzari ekin behar zioten, eta sokakideen artean “eztabaida” txiki bat egon zen. Huberrek zioen erori handiko zati hori gainditu eta egun berean gailurra egiteko tresneria guztia eramatea zama handia izango zela. Senf eta Arnold, berriz, ez ziren iritzi berekoak.
Azkenean, suitzarrak gailendu ziren: «Desplomea zuzen-zuzen eskalatu nahi genuen, eta hala egin genuen. Ikaragarri ona eta polita da. Baina zati hori gainditzeko tresneria asko behar da. Hura eskalatzen hasi aurretik, oso argi neukan eremu horretan Alex oso ona dela. Eta, jakina, metro horietan sokaburu aritu zen. Txantxak egiteko betarik ez zegoen. Artifizialean eskalatu behar zenez, Alexek denetarik erabili zuen: mota guztietako iltzeak, friendak, fisureroak... Jakina, zati horrek hala eskatzen zuen».
Sabai handi hori Huberrek bi luzetan igo zuen. A4 zailtasuneko tarteak gainditu zituen, eta, alemanak onartu duenez, parabolt batzuk erabili behar izan zituen: «Bilerak babesteko paraboltak jarri genituen. Eta horretaz gain, beste pare bat lehen luzeko hasieran. Sabai horretatik ateratzeko bi orduko lana egin behar izan nuen. Ondoren, beste luze tente bat eskalatu genuen. Zmutt izeneko leku hau ikaragarria da. Hain tentea eta arriskutsua den izaera bereko lekuak Alpeetan oso gutxi daude».
Bide berriaren giltza patrikara eraman zuten, baina gailurrera heltzeko beste 400 metro igo behar zituzten. Eremu klasiko hori gainditzeko bost ordu behar izan zituzten: «Tontorrera ilunabarra baino pare bat ordu lehenago heldu ginen. Oso nekatuta. Nahiz eta 2017. urtean gauden, argi geratu da Alpeetan abentura ederrak egiteko aukerak badaudela».