MAY. 17 2017 Interneten euskararen erabilera sustatzeko kanpaina martxan da Nabigatzailea eta sakelakoa euskaraz jartzeko kanpaina abiarazi dute. Izan ere, erdaraz konfiguratuta baldin baditugu, nahiz eta euskaraz nabigatu, estatistiketan euskara ez da agertuko. Horrek dakar erabiltzaile euskaldunen kopurua benetan dena baino txikiagoa balitz bezala zenbatzea, eta hori kaltegarria izan daiteke normalizaziorako. Nagore BELASTEGI DONOSTIA “Interneten ere, lehen hitza euskaraz” lankidetza proiektua aurkeztu zuten atzo PuntuEus Fundazioak, CodeSyntaxek, Ikastolen Elkarteak eta Kontseiluak gaur II. Euskarazko Interneten Eguna dela baliatuz. Egitasmoa Interneten euskararen erabilera areagotzera dago bideratuta. Izan ere, azaldu zutenaren arabera, nabigatzaileak erdaraz egon ohi dira konfiguratuta –gure artean frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez– eta erabiltzaile euskaldun askok ez dakite euskaraz ere konfiguratu daitezkeela. Euskal Herriko erabiltzaileen %3-5ek besterik ez dute nabigatzailea euskaraz, nahiz eta asko euskaraz ibili sarean. Nabigatzailea ez badugu euskaraz, enpresa handiek ez dute euskara sumatzen eta uste dute erabiltzaile euskaldunak benetan direnak baino gutxiago direla, eta horren ondorio bat izan daiteke euskarazko edukiak sortzeari garrantzirik ez ematea. «Gure presentzia dena baino txikiagoa da. Eragile handiek uste dute euskaldunen presentzia %3koa dela, baina bikoitza da berez. Nabigatzailea euskaraz jartzean estatistika errealagoak lortuko dira», aipatu zuen CodeSyntaxeko Eneko Astigarragak. Hala, kanpainak proposatzen duena da euskaldunek euren nabigatzaileak zein sakelako telefonoak euskaraz konfiguratzea. Lana errazteko, plugin bat eta aplikazio bat atera dute. Plugina ordenagailuan instalatzen da eta automatikoki euskara hizkuntza lehenetsi bezala ezartzen du. Aplikazioak funtzio berbera dauka baina Android telefonoetan, aukera dagoen guztietan behintzat. Bestalde, iFrame bat ere garatu dute, hau da, webguneetan txertatzen den botoi moduko bat. Horrek adieraziko digu ea nabigatzailea euskaraz konfiguratuta dugun ala ez. Hala baldin bada zoriondu egingo gaitu; eta ez badugu, euskaratzeko aukera emango digu klik eginez. «Tresna hauek –botoia webguneetan jartzeko aukera barne– www.lehenhitza.eus webgunean daude eskuragarri», azaldu zuen Josu Waliñok, PuntuEus Fundazioko zuzendariak. Era berean gehitu zuen ardura ez dela erabiltzaileena soilik. «Administrazioen webguneak nabigatzaileen hizkuntza lehenetsian oinarritzen dira; gaztelaniaz badaude, gaztelaniaz agertzen dira. Deia luzatzen diegu euskara hizkuntza lehenetsi bezala jar dezaten, nabigatzailearen hizkuntza kontuan izan gabe». Horrela, nabigatzailea erdaraz dutenek ere administrazioen webgunean sartzean jasoko duten lehen informazioa euskarazkoa izango da. Erdarara jotzeko aukerak hor jarraituko du, orain bezala. «Euskaldunak bagara nor» Administrazioei zuzendutako mezua bota zuen Kontseiluko Paul Bilbaok ere. «Duela bost hilabete aurkeztu genuen hizkuntza eskubideak errespetatzeko protokoloa aplikatzea eskatzen diegu», azpimarratu zuen. Zentzu horretan azaldu zuten Lakuarekin harremanetan jarri direla kanpainarekin bat egin dezan, baina berez ez dela eskaera zehatz bat eta orokorrean egindako deia izan dela. Bestalde, euskaraz nabigatzera animatu zituen erabiltzaileak: «Euskaraz bizitzeko nahi hori esparru honetan ere ager dadila. Konfigurazioa euskaraz izateak mesede egiten dio normalizazioari eta gainera erakusten du euskaldunak bagarela nor. Ahalegin txikia eskatzen dugu, baina askok egiten badugu onura handia lortuko dugu». Azkenik, Ikastolen Elkarteko Koldo Tellituk azaldu zuen euren sareko ikastetxeetan eta gainerakoetan erabili ahal izateko unitate didaktikoa sortu dutela. Nerabe eta gazteak Interneteko kontsumitzaile nagusietakoak izanik, 12-16 urte bitartekoei zuzenduta dago. «Jolas moduan proposatzen dugu. Lehenik, nabigatzeko orduan duten ohiturez gogoeta egiteko eskatzen zaie. Ondoren, erronka bat botatzen zaie: beraiek bezala beste hamar lagunek ere nabigatzailea hizkuntzaz aldatzea lortzea». %2-5 datuetan> Nabigatzailea euskaraz duten Euskal Herriko erabiltzaileak %5 besterik ez dira. Euskaraz nabigatzen dutenak gutxienez bikoitza dira, baina hori ez da datuetan islatzen.