Mikel Jauregi
Kazetaria
JO PUNTUA

Ugartekoren 250.000 euroak eta mozala

Ugarteko ezizenarekin ezagutzen dugun ertzainburuak GARA eta NAIZ komunikabideei, etxe honetako kazetari Iñaki Soto eta Iñaki Iriondori eta Cabacas Lizeranzu sendiaren abokatu Jone Goirizelaiari 250.000 euro eskatu dizkie, «bere ohore, integritate eta irudiaren aurka» jardun izana egotzita.

Ezinegona, depresioa, tabakismoa, kolesterola, aisialdi eta afizio galerak, harreman eteteak, ibilbide profesionala hondatzea... eragin omen dizkio etxe honetako orrialdeetan –paperezkoetan zein digitalean– bere nortasunaren berri eman izanak. Eta koadro hori guztia «konponezina» dela iritzita, kalte-ordain ekonomiko hori eta bere izena Iñigo Cabacasen heriotzarekin lotzen duen informazio oro ezabatzea eskatu du. Epaileak azkenean ez du inputatu gazte basauriarraren heriotzaren kasuan eta erabaki horrek bultzatu du, itxura guztien arabera, polizia auzi eskea azken bururaino eramatera.

Asko laburbilduz, hori da joan den igande honetan GARAk 5. orrialdean, bigarren Eguneko Gaitzat, argitaratu zuen notizia; eta NAIZen portadan, ordu luzez, toki nabarmenean ikus zitekeena. Eta horrela izanik, irizpidedun irakurle horrek galde egin lezake zertara datorren zutabe hau; esan lezake lerrook errepikatze ariketa sinple baten traza dutela. Arrazoi. Erabat.

Hori baino ez baita nire asmoa: notizia errepikatzea, berriz bistaratzea Ugartekok –«sar zaitezte kalexkan eskura daukagun guztiarekin, sar zaitezte herrikoan» agindu ziena menpeko poliziei– 250.000 (!) euroko kalte-ordaina eskatu diela bi komunikabideri, beste horrenbeste kazetariri eta hildakoaren (harena bai konponezina, harena bai!) familiaren abokatuari.

Logikaz, galdezka segi dezake irakurleak bisibilizazio nahi honen zergatiaz. Bada, haserraldi hutsagatik. Dagoeneko egun batzuk pasatu direnean, apenas inon lerro tristerik ere irakurriko ez dudalako; uhinetan tarte txikienik ere eskaini ez zaiolako. To mozala! Zertarako etsaiak...