GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Simpsondarrak Ajuria Enean


Ez badut ezer ukitzen, ez dut etorkizuna izorratuko.» Homer Simpsonek bere goizeko ogia txigortzen du txigorgailuan. Azaltzeko luzeegiak diren arrazoiengatik eskua txigorgailuan sartu eta denboran atzera bidaiatzen du jurasikoraino, euskaldunok burujabetza galdu genuen aldia gutxi gorabehera. Aita kontserbadoreari kasu eginez dio: «Ez badut ezer ukitzen, ez dut etorkizuna izorratuko.»

Bere arora itzultzean bere ametsik gaiztoena da errealitatea: Ned Flanders bizilaguna da munduaren jaun eta jabe. Bizitzan bigarren aukerak izatea aukera ona ote den zalantzagarria izanda ere, iraganera itzuli eta bere baitarako artega dio Homerrek: «Oraingoan bai ez dudala ezer ukituko». Doministiku batekin dinosauroak extingitzen ditu, ordea. Meteoritoa baino bonba hilgarriagoa dira gure humanitate honetako bakterio mutanteak.

Iñigo Urkulluk diosku EAJrenak ez beste planteamenduak ez direla errealistak. Gure planteamenduak (statu quoa aldatu nahi luketenak) ez direla errealistak leporatzen digu beste guztioi, geldi egotea, dena dagoen dagoenean uztea alternatiba bakarra dela salduz. Egiten dugun ekintza bakoitzak, hartzen dugun erabaki bakoitzak errealitatean eraginik ez balu bezala. Norberak duen borondatearen araberakoa baita errealitatea aldatzeko gaitasuna, errealitatearen printzipiotik abiatuta, noski.

Iñigo Urkulluk nahi duena da, azken finean, denak dagoen dagoenean segitzea. Dagoenari eustea. Oso hautu zilegia. Bere jokabide ustez neutralarekin, PPren proiektua indartzen du. Nahiago du ezer ez ukitzea, etorkizuna ez izorratzeko, ahaztuta etorkizuna dugula irabazteko. Planteamendu anbiziorik gabea, eta gure nahi eta ahalmenen azpira eramaten gaituena.

Eta hala, Iñigo Urkulluk nahiz eta autogobernu ponentzian edo programan bizi berri bati ekiteko imintzioa egin, Homer Simpsonek bezala azkenean Burns jaunaren zentral nuklearrean amaituko du eguneroko ogia erregutzen batzuetan, zintzo eta leial izanez irabazten besteetan. Kapitulu bat pasa eta beste bat ere bai, denak berdin jarrai dezan.

Noizean behin Monoraila egiten jarraitzeko dirua ekarriko du, beste lagun batzuek “Hartzazu Dirua eta Ihes Egin” pelikularen remakeak egiten jarrai dezaten.