Goiherrik eskura dauka aurreneko txapela
Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketako lehenengo txapela banatuko da gaur. Debako Zumardian jokatuko da 680ko ligaxkako azkeneko ekinaldia, 17.30ean hasita, eta horren ostean jakingo da aurtengo aurreneko txapelduna zein den.
Oraingoz, bi jardunaldi jokatu ondoren, Goiherri doa sailkapeneko lehenengo postuan, eta puntu bat kentzen dio Gaztediri. Orain artekoa ikusita, garbi dago txapela bien artean egongo dela. Aurreneko jardunaldian Goiherrik irabazi egin zuen, pasa den astekoan, berdinduta geratu ziren.
Ondorioz, Gaztedik irabazteko bi aukera izango ditu. Bata, gaurko saioa irabazi, eta Goiherri bigarren bada, ondoren jokatu beharreko kitarakoa ere irabazi. Bestela, berriz, Laukizkoek irabazi eta Erandiokoek hirugarren edo atzerago geratu beharko lukete, baina zaila dirudi.
Goiherrik gaurko saioa irabazi edo berdintzen badu, txapela beretzat da, eta Gaztedi baino postu bat atzerago geratuko balitz, kitarakoa jokatu eta irabazi beharko luke. Goiherri B, Mutriku eta Akelarre ere arituko dira.
Nafarroako Goma Gaineko Lauko Txapelketan, berriz, gaurko saioa Larraintzarren jokatuko da 18.00etan. Mutilak 300 kilokoan arituko dira, eta Beti Gazte, Berriozar A, Berriozar B, Antsoain, Txantrea eta Kaskailueta lehiatuko dira. Neskak, 235ekoan lehiatuko dira, eta hor, Beti Gazte, Berriozar, Antsoain, Txantrea eta Kaskailueta jardungo dira. Aipaturiko bi maila horietaz gain, 20 urtez azpiko taldeak ere ari dira lehiatzen, eta hirugarren jardunaldia izango dute 280koan. Ultzama, Berriozar eta Araxes arituko dira. Berriozar doa lehenengo.