Maider IANTZI
ARRASATE
Interview
RICHARD GERVER
HEZKUNTZAN ETA BERRIKUNTZAN ADITUA

«Gazteria talentu handikoa da. Hori ikustea da gure erronka»

Hezkuntzaren eta berrikuntzaren alorreko mundu mailako aditurik ospetsuenetakoa da Richard Gerver (Londres, 1969). Tony Blairren Gobernuaren aholkulari izan zen eta gaur egun Unescori ematen dizkio gomendioak. Berriki «Simple Thinking and Charge: Learn to Love it, Learn to Lead it» liburua argitaratu du eta best seller bilakatu da dagoeneko. Mondragon Unibertsitatean hitzaldia eman du.

Richard Gerver, hezkuntza eta berrikuntza lotzen erreferentzia, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen (Huhezi) 40. urteurreneko ekitaldietan izan da. 700 lagunen aitzinean hitzaldia eman baino lehen mintzatu da GARArekin, Arrasateko Amaia Antzokian.

Hezkuntza sistemak zergatik aldatu behar duen azaldu digu aditu ingelesak. Iparra ikasleen garapena da berarentzat, pertsona bezala, modu integralean. «Garapen akademikoa ez dugu zertan baztertu, baina inportanteena bertzea da», dio.

Irakasle gisa hasi zen lanean, oinarrizko hezkuntzan. Gero, Ingalaterrako Grange Primary School-en zuzendari gisa bete zuen paperak egin zuen ezagun, ikastetxea biziberritu zuelako. Hori abiapuntua baino ez zen izan. Bere bizitza profesionalean hainbat sektoretan aritu da elkarlanean, bertzeak bertze teknologietan eta ehungintzan.

Non hasten da talentua?

Lidergoan formatu ditu erakunde ugari. Bertzeak bertze, Tony Blairren Gobernuaren aholkulari izana da. Zergatik? Pentsatzen duelako garrantzitsua dela hezkuntzatik hasita, zerotik hasita, pertsonak garatzea etorkizuneko ekintzaileak izateko. Non hasten da talentua garatzen? Hor jarri du bere indarra, eta eskola uztea erabaki zuen jendartean hortik eragiteko. Hezkuntzaren eta enpresaren artean segida bat ikusten du.

Indarrean den hezkuntza sistemaren inguruko analisia egiteko eskatu diogu aurrena. Irriz hasi da. Nondik gatozen eta non gauden esplikatu digu. «Hezkuntza sistema momentuko merkatuari erantzuteko diseinatu zen. Efikazia lortzea zuen batik bat helburu, industriaren erronkei erantzutea. Bere egiteko nagusia zen etorkizuneko langileak prestatzea era mekaniko batean. Eredu hori monitorizatu eta jarraitzeko diseinatu zen. Eredu horrek urte aunitzetan funtzionatu du».

Baina, agertu duenez, azken 40-50 urteetan jendartearen eta industriaren erronkak aldatu egin dira. Mendebaldeko jendartea industrialismotik postindustrialismora igaro da. Eta garatu beharreko konpetentziak ekintzailetasuna, sormena eta berrikuntza dira.

Mundu hagitz desberdin bat

«15-20 urteotan aldaketarik handiena teknologien eremuan eman da. Ekonomian eta teknologian gertatu diren aldaketek jendartea eraldatu dute. Horregatik, hezteko era berriak behar ditugu, umeak mundu hagitz desberdin baterako prestatzeko. Gertatzen dena da nahiz eta eraldaketa hori beharrezkoa dela jakin, ez dela aldaketa sakonik egin».

Beraren ustez, berdintsu segitzen duen azterketen ereduak ez digu laguntzen benetan neurtu beharrekoa neurtzen. «Hala ere, sistemak azterketak bultzatzen ditu. Eta hori da arazorik larriena, zirkulu bat bilakatu delako. Hezkuntza sistema eraldatu beharra dago, baina berau konpontzeko neurriak hartzen egiten da ahalegina».

Horren aurrean, zer egin? «Ez da beharrezkoa ni bezalako hizlariak ekartzea gauzak aldatzeko», adierazi du hasteko. Halere, hausnarketa batzuk partekatu ditu gurekin.

Enpresak sortzaileak nahi ditu

Enpresa eta kudeatzaileekin aunitz solastatzen da Gerver, eta ohartzen da gauzak sortzeko gai den jendea eskatzen dutela, ekintzarako eta hainbat eremutan kolaboratzeko prest dagoena. «Hain zuzen ere, ezaugarri horiek dira bost urtetik beherako umeek hasieratik erakusten dituztenak».

«Beharbada, geure buruari egin beharreko lehendabiziko galdera da nola gorde eta sustatu gaitasun natural horiek gal ez daitezen –azaldu du–. Eta komunitateak bere buruari galdetu behar dio nolako pertsonak izan nahi ditugun etorkizunean, ze ezaugarri izanen dituzten lan munduan sartzen direnean eta batik bat pertsona moduan».

«Geure buruari galdetu behar diogu nola diseinatuko dugun hezkuntza eredu bat benetan motibagarria, ez dena beldurretan eta egin beharrekoetan zentratzen, baizik eta motibazioan eta ilusioan –jarraitu du esplikatzen–. Galdera hauek serioski eginez gero, eta erantzunak bilatzeko ausardia izanez gero, etorkizuneko erronkei erantzutea lortuko dugu».

Eredu interesgarriak

Adibideren bat jartzekotan, Finlandia aukeratuko luke, umea modu integralean hartzen duelako, bere sormena eta garapen osoa zainduz. «Hezkuntzarekiko eta irakasleenganako dagoen konfiantza eta errespetua azpimarratuko nuke». Bertze bi eredu ere eman ditu: Medellin, Kolonbian, komunitate osoa hartzen duelako hezkuntza garatzeko; eta Lahore, Pakistanen. Hainbat eskola bisitatu ditu bertan eta ikusi du sistema pertsonen garapen integrala bultzatzen ari dela.

Bisitatu dituen herri guztietan ikusi ditu praktika interesgarriak eta denek dute ezaugarri komun bat. Afrikar esaera bati jarraitzen diote: «Ume bat benetan garatuko da komunitate osoa inplikatzen bada».

Orain dela hilabete batzuk Pisaren emaitzak argitaratu ziren, baina berak guk ezagutzen dugun txostenari baino bertze bati egin dio erreferentzia. Txosten horrek erraten du benetan zer den umearen ongizatea. Hori normalean ez da kaleratzen, baina idatzita dago eta bertan adierazten dena da akademikoki goian dabiltzan herrialdeek ongizatean ez dutela asmatzen. Hor badago kontraesan bat.

«Umerik zoriontsuenak gurasoen eta komunitatearen konpromisoa dagoen tokietan bizi dira. Gurasoak hezkuntza prozesuan inplikatzen direnean lortzen da benetan haurraren garapena».

Haur eta gazteek zer diote?

Denbora aunitz ematen du Richard Gerverrek haur eta gazteekin solasean. Etxean ditu bi, 17 urteko semea eta 21 urteko alaba. «Uste dut gazteek amankomunean dutena frustrazioa dela, hezkuntza sistemak ez dituelako beren beharrak asetzen. Ez ditu beren nahi eta motibazioak errespetatzen. Nire belaunaldiko jendeak ez daki ze pasio duten gazteek, nola kezkatzen diren munduan gertatzen denaz. Gazteek nahi dutena da errespetatuak sentitu eta jendeak aditzea zer duten errateko».

Bera hagitz baikorra da eta gaur egungo gazteria talentu handikoa dela uste du. «Gure erronka da potentzialitate hori guztia ikustea. Hagitz inportantea da hori, eurek direlako etorkizuneko arazoei aurre eginen dietenak».

Alabarekin dituen solasaldiak aipatu ditu. «Alde batetik, Brexita. Bertzetik, Trump efektua. Jende gazteak ez du ulertzen zer gertatzen ari den. Erresuma Batuan 25 urtetik beherako gazteak ez dira bozkatzen ari hauteskundeetan, ez dutelako sinesten ez duten sistema baten parte izan nahi». Defendatzen du benetan hasi behar dugula gure ume eta gazteengan sinesten, hor baitago etorkizuneko erronkei erantzuteko giltza.

Teknologia berrien papera

Belaunaldi guztiek ikusi dute saltoa teknologian: inprentaren asmakuntza, irratia, telebista... Baina gaur egun hagitz-hagitz agudo gertatzen ari dira aldaketak. «Beldur gara ezin ditugulako kontrolatu teknologia horiek, gauza txar bezala ikusten ditugu. Baina teknologia modernoekin jaio direnek ez dituzte beldur horiek». Are gehiago, «konturatu behar dugu une bat iritsiko dela umeei irakatsi ezingo dieguna; eurak izanen dira gure irakasleak».

Etorkizunera begira jartzeko ariketa eginda, Gerverrek azaldu du gaurko umeek hiru erronka izanen dituztela helduak direnean: ingurumena zaintzea; ekonomia globala –«2007ko krisiaren ondoren zerbait ikasi badugu da ekonomia ez dela berdina izanen, etengabe aldatuko dela eta modu berriak bilatu beharko ditugula»–; eta kulturartekotasuna, pentsaera ezberdinak dituzten pertsonek elkar ulertzea.

«Hiru erronka horiek batera doaz eta modu bat bilatu behar dugu hezkuntzaren bidez gazteak prestatzeko horiei erantzuteko etorkizunean».

Politikak, eragin sobera

Berrikuntza eta hezkuntza adituak uste du politikak sobera eragin duela hezkuntzan. «Honek epe luzerako begirada eta jendarteko eragile guztien partaidetza behar du. Politikaren esku-hartzea, aldiz, epe laburrekoa da. Kontrolatzea da politikaren rola, baina hezkuntza eragileei boterea eman beharko liekete. Finlandia Europako eredurik arrakastatsuena da hezkuntza komunitateak gidatzen duelako hezkuntza eta ez politikak».

Elkarrizketa aitzinera doa, makina bat gai dago jorratzeko, baina ez dugu amaitu nahi etxerako lanez galdetu gabe. «Ez dago munduan ebidentziarik umeentzat onak direla erakusten duenik. Eskolan egiten dutena etxean errepikatzeak ez du zentzurik. Gurasoek hori espero dutelako egiten da».

Gerverren iritziz, lortu behar dena da eskolak ikasitakotik bertze pauso bat ematea etxean. «Etxerako lanek ez dute umeak lanpetuta edukitzeko modu bat izan behar. Nekatuta etxeratzen dira, gu lanetik bezala. Imajinatu lanetik bueltan beste hiru ordu lan egin beharko bagenu. Zergatik egin behar dute hori umeek?».