GARA
KOPENHAGE

Danimarkako bigarren alderdiak hesia eraiki nahi du Alemaniako mugan

DF Danimarkako Alderdi Popularra bigarren indarra da 2015eko hauteskundeetan botoen %21etik gora lortuta. Anders Vistisen eurodiputatuak hesia eraiki nahi du Alemaniako mugan, asilo eskatzaile gutxiago irits dadin.

Danimarkako bigarren indar politikoa izateaz gain (37 ordezkari ditu Parlamentuan), bere sostengua ezinbestekoa du Lars Lokke Rasmussen lehen ministro liberalaren Gobernuak. Hungariako agintariek garatutako eredu xenofoboa Danimarkara ekarri nahi dute DF-koek, herrialdera iristen diren iheslarien kopurua murrizteko asmoarekin.

Hungariak 2015ean eraiki zuen iheslarien aurkako hesi bat Serbiako mugan: zenbait metroko altuera, sentsoreak, zaintza kamerak eta «iragate eremuak» jarri zituzten Budapesteko agintariek, asilo politikoa eskatu nahi duten horrenbeste pertsona ez hartzeko. Gainera, barrakoiak eraiki zituen, beraien eskariari buruzko erantzuna iritsi arte iheslari horiek hartu ahal izateko.

%95eko murrizketa

Apirilean beste hesi bat eraiki zuen Budapestek, nahiz eta Nazio Batuek, zenbait estatuk eta giza eskubideen aldeko erakundeek ekimena salatu duten. Baina Danimarkako eskuin muturrari ikaragarri gustatzen zaio ideia, Anders Vistisen europidutatuak “Politiken” egunkariari esan dionez.

Vistisenek Hungaria eta Serbiaren arteko muga bisitatu berri du, beste zenbait parlamentarirekin batera. Ondoren esan dio egunkariari Danimarkan ere gauzak horrela eginez gero, urtean jasotzen duen asilo-eskatzaileen kopurua %95 murriztuko litzatekeela, iheslari gehienak berriz Alemaniara bidaltzeko aukera izango lukete-eta. «Alemaniarrentzat hori arazo bat baldin bada, iheslariak Greziatik eta Austriatik iristen zaizkiela esaten badute, beren mugetan ordena ezarri beharko lukete», adierazi du eurodiputatuak.

DF alderdiak badaki hesia eraikitzeak Europar Batasunaren arauak bortxatzen dituela, blokeko bi kideren artean zutituko bailukete.

Schengengo arauak

Vistisen, ordea, mereziko lukeelakoan dago, nahiz eta onartu azkenean gaia europar auzitegietara eramango dela.

«Une honetan ez dira betetzen Schengengo arauak (barne mugarik gabeko eremu europarra), eta Hungariak esaten du bere neurria behin-behinekoa dela. Beraz, badugu oraindik tarte bat Budapestek egin duen gauza bera egiteko. Gero gerokoak, Europar Batzordeari graziarik ez egiteak dituen arriskuei gero egin beharko diegu aurre», adierazi du politikariak.

Jakob Ellemann-Jensen Alderdi Liberaleko eledunak DF-koen proposamena salatu du, «oso ideia txarra» delakoan, eta erantsi du Lars Lokke Rasmussenen Gobernuak ezin duela ekimen hori bere egin: «Gure merkataritza bazkide nagusiaren aurkako hesi bat zutitzea, Bigarren Mundu Gerraz geroztik elkarren ondoan bakean bizi ondoren, kasurik onenean oso seinale arraroa izango litzateke».