Mikel Zubimendi
Kazetaria
IKUSMIRA

Gaixoak gu, geroari izu

Patologia baten misterioek kezkatua naukate azken aspaldian. «Futurephobia» edo etorkizunari fobia legez ezagutzen da fenomenoa. Erresonantzia magnetikoen bidez aurkitu omen dute geroak ekarriko duenaren gaineko kezkak errealitatean gertatu balira bezainbat grabatzen ditugula burmuinean. Gu babestearren, burmuinak superbibentzia bideratzeko duen ahalmen horri esker, sarritan ez dakigula bereizten hainbesteko kezkaz eta intentsitatez pentsatzen dugun hori egiazki gertatu den edo etorkizunean gertatuko ote den.

Etorkizunak larritzen gaituenean beldurraren zirkuitu neuronalak klik egiten du gure ganbara mentalean. Fobia hori martxan denean, eztabaida politikoari erasotzen dion gaitz berri bat bilakatzen da. Aldaketa galeraren sinonimo bihurtzen da, eta, geroa, argia izan ez arren, mehatxuarekin lotzen da. Sekulako beldurra ematen duen toki batekoa bihurtzen da geroa eta herritarrak arrisku horretatik isolatzea da lehen promesa politikoa.

Aspaldiko ziurtasunetan ez dugu atseden hartzerik. Etorkizuna itxaropen garbi baten betaurrekoekin begiratzea hain da zaila! Turbulentzian eta nahasmenduan bizi gara eta, panorama horren aurrean, sarritan, iraganeko egunak hobeak zirela uste da.

Nostalgian babestea, baina, ez da gertakizunen agindua. Politikak bultzatu edo alboratu dezakeen aukera kulturala da hori.

Euskal Herriaren zoritxarra ez da ez direla garai onenak. Politikaren desgrazia geroarekiko sinesgarria den konfiantza adierazteko zailtasuna da. Desesperantza sinesgarri egitea baino, itxaropena egingarri ezin bihurtzea. Irudimen politikoaren porrota da.