MAY. 26 2017 PILOTA Ospitalek eta Ducassouk erraz irabazi dute Angelun Pilotarienak Torneoko finalean 40 eta 21 hartu zituzten mendean Larralde eta Bilbao, egungo Binakako txapeldunak, orduko arantzarik gehienak atereaz. Jon LEUNDA Ospitalek eta Ducassouk Berezkoen Binakako Txapelketan sartu zitzaizkien arantzarik gehienak atera dituzte Angeluko Torneoan, aise irabazi baitute. Finalean 40 eta 21 menderatu zituzten Larralde eta Bilbao, egungo Binakako txapeldunak. Pilotarienak izeneko lehiaketa hau Berezkoen Binakako Txapelketako errebantxa bezala har daiteke, han finalerdietan izan ziren lau bikoteak izan baitira eta kanporaketak ere berdinak izan dira. Txapelketa hura irabazteko Ospital eta Ducassou ziren faboritoak, baina ezustean finalerdietan Waltarirekin eta Gixandutekin kanpora joan ziren. Pasa den ostiralean, ordea egurtu egin zituzten, eta finalean Binakako txapeldunen aurka neurtu ziren errebantxa hartzeko asmoarekin. Larralde eta Bilbao ere egurtu egin dituzte Ospitalek eta Ducassouk. Hasieratik aurreratu zen txapela jantzi zuen bikotea, nahiz eta aldeak ez ziren handiak izan, 13-10 ere egon baitziren, baina hortik aurrera oso azkar egin zuten bidea. Hor egin zuten Ospitalek eta Ducassouk zulorik handiena; izan ere, 17-7ko partzial bat sartu zuten, eta horrekin 30-17 jarri ziren aurretik. Aldeak handiak ziren, eta garbi zegoen oker handiren bat ez bazen, txapelak zeinentzat izango ziren. Batzuen ustez azken zati honetan etorriko omen zen Larralderen eta Bilbaoren erreakzioa, baina ez zen iritsi. Ospitalek eta Ducassouk ez zuten batere euren maila jaitsi eta 10-4 azken partziala sartu zuten, norgehiagoka amaituz eta erabateko nagusitasunarekin Angeluko Torneoa irabaziz. «Uste dut hasieratik ibili garela ongi. Bost edo sei kintzeko aldea lortu dugu hasieran, baina gero gainera etorri zaizkigu berriro, eta oso gertu jarri zaizkigu. Hala ere, partida erditik aurrera alde handia lortu dugu eta fite erabaki dugula uste dut. Atzean Ducassouk partida handia egin du, nagusi izan da, eta horrek aurreko lanak asko erraztu dizkit», esan zuen Ospitalek Angeluko Torneoko finalaren amaieran.