GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Etchegoinek bere eskuin bizia erakutsi du Labriten

Aimar Olaizolaren laguntza bikainarekin, garaipenarekin hasi du profesionaletako bidea baxenabartarrak.


OLAIZOLA-ETCHEGOIN 22

VICTOR-BEROIZ 8


Maila horretako Aimar Olaizola bat lagun izanda dena da askoz errazagoa, baina Iñaki Etchegoinek ere itxura ederra eman zuen atzo Labriten, Donazaharreko atzelariaren debutean. Garaipen erraza lortzeaz gain, bere dohainak erakusteko parada izan zuen, eta, batez ere, pilota bere eskuinetik zer-nolako abiaduran irteten den ikustea izan zen harrigarria pilotazaleentzat. Ezkerrean zuloren bat baduen arren, defentsan boleaz ere molda daitekeela erakutsi zuen Nafarroa Behereko ezker paretako lehen profesionalak.

Dena amestu bezala irten zitzaion profesional berriari, harmailetan ere herritar ugariren babesa izan baitzuen. Partidako unerik gehienetan bizkarra erakutsi zion lehen mailan aritzen den Mikel Beroizi eta atzetik ere asmatu zuen Victorri aukerako pilotarik ez uzten. Hutsen bat ere bildu zuen arren, gustura geratzeko moduko lehen partida jokatu zuen Iparraldeko atzelari gazteak.

Hala ere, partidan izen bat nabarmentzekotan, hori Aimar Olaizolarena izango litzateke. Lagunari pilota txar asko kentzetik harago, atzean Etchegoinek izandako nagusitasunari probetxu handia atera zion Goizuetakoak, erasoan erakustaldia emanez: denera jokoan hamabost tanto batu zituen, huts bakar bat ere egin gabe.

Taintak, ezin

Ezin izan zuen, atzelari bezala jokatu zuen lehen partidan, gauza bera esan Iker Taintak. Hala, 18-11 galdu zuen, Arretxe lagun, Agirre-Zabalaren aurka. Bi esku on ditu, baina oraindik asko du ikasteko postu berrian.