MAY. 29 2017 Ireki ditzagun begiak Surflari ernegatua Hainbeste urtez desertuan predikatzen aritu ostean, astelehenero atal honetan nire purrustak argitaratzen jada etsitzen hasia nintzenean, itsas argi batek izpi bat igorri dit, seinale bat, «ez hago bakarrik». Iñigo Urdinagak ekarpen itzela egin du argitaratu berri duen “Surflaria eta paradisua” liburuarekin. Surf mundua beste betaurreko batzuekin begiratzeko gonbita luzatu digu oriotarrak, eta horretarako beharrezkoa den informazioa ere ematen du, ongi sailkatuta, bitartekoek helburu nagusia lausotu ez dezaten. Surf munduko kontuen berri jakin nahi duenak gauza asko topatuko ditu liburu honetan, baita urte asko surf egiten daramatzanak ere, eta, amaieran, ikasgai anitzen artean, bat nagusituko da, alegia, erreportaje, iragarki eta telebista saioen bidez surfaz eskaintzen den irudi makurraz harago, badela surfaren bestelako ikuspegi bat. Ekarpen literarioa, jakintza mailan ere ekarpen ederra, ekarpen kritikoa, irakurlea ezarritako zenbait dogma eta eredu zalantzan jartzera gonbidatzen duena, eta ekarpen bikaina hizkuntzari dagokionean ere, zeren arrantzaleek erabiltzen dituzten hitz eta kontzeptuak maisuki uztartu ditu surf munduan. Horregatik euskaraz behar zuen. Beste hizkuntza batzuetara itzultzen denean, asko galduko du, gauza asko ezin baitira itzulpen xalo batekin ordezkatu, hizkuntzak, oinarrian, kultura baitu, mundu ikuskera bat. Urdinagak sekulako lana egin du zentzu horretan, eta, agian, horregatik autoekoitzi du bere lana, argitaletxe baten itzalak gauza asko aldatzera behartu zezakeelako, edo erabilitako termino asko, Euskaltzaindiak ontzat ematen ez dituen neurrian, aldatu egin behar izango zituelako. Edonola ere, kontrako zentzuan egindako lana da hau, alegia, ez dator gauzak nola esan behar diren agintzera, ez die arrantzaleei gaizki hitz egiten dutela leporatuko, alderantziz, haiengandik ikasteko asmo irmoa du idazleak, eta harekin batera ikasarazten dio irakurleari ere, ia oharkabean. Surf munduan ez dago eztabaidarako joerarik. Badirudi surflari guztiek gauza berberak maite eta pentsatzen dituztela, komunitate homogeneo bat osatzen dutela. Hori, hein handi batean, ezagunenak diren surflariak ez gogaitzearren edo haien kontraesanak agerian ez uztearren, eztabaida asko ekiditen direlako da. Horrek ez du esan nahi, ordea, surflarien artean ere iritzi desberdinak ez direnik, eta liburu hau horren adierazle garbia da. Mahai gainean jartzen ditu eztabaidarako gaiak eta bere ikuspuntua azaltzen ere ausartzen da. Benetan plazer bat izan da, hain gertu hazi eta hezi garen arren, elkarren berri izan gabe, antzeko bideak egin ditugula deskubritzea. Badela tipo bat surfaz asko dakiena, euskalduna, euskaraz oso ongi idazten duena, eta, gainera, hori guztia irizpide kritikoekin uztartzeko gai dena. Ohiko marmarrak ere ahantzi ditu surflari ernegatuak gaurkoan. Liburuko atal batean dioenarekin amaituko dut ideia nagusia ongi laburbiltzen duelakoan: «Ireki ditzagun begiak! 39.000 urte gizakia inguru hauetan bizi dela. Hala diote Altxerriko kobazuloko aztarnek. Eta hamarkada gutxi batzuetan goitik behera izorratu ditugu itsasadarra eta hondartza inguru osoa». «Ireki ditzagun begiak!39.000 urte gizakia inguru hauetan bizi dela. Hala diote Altxerriko kobazuloko aztarnek. Eta hamarkada gutxi batzuetan goitik behera izorratu dituguitsasadarra eta hondartza inguruak»