GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Konjeturen finantziazioa


Maite ditut dokumentalak, era guztietakoak. Horien artean euskaldunon historiari buruzkoak, oso gutxi daude eta. Horrexegatik, arretaz jarraitu nuen “Una Historia de Vasconia” EITBren dokumental sorta. Baita asko ikasi eta disfrutatu ere.

Aitzitik, oinarrizko akatsak daude dokumentalotan, ikerkuntza zientifikorako masterretan irakasten dutenaren arabera, behinik behin. Adibidez, Baskoitze Berantiarra izeneko konjetura zaharra hipotesia dela esatea. Konjetura bat hipotesi izateko bere egileak kontrastatzeko modu eraginkorra proposatu behar du, «falsable» bihurtu behar du. Eta ez dago halakorik Gomez Morenoren ideia zaharren garapenean. Ondorioz, zorroztasun zientifikotik begira, konjetura baten aurrean baino ez gaude. Baina gure telebista publikotik hedatu den mezua beste bat izan da. Bestetik, izenburua ez dator bat edukiarekin: «Akitaniatze» deitu beharko zen edukiarekiko koherentziaz, eta «berantiarra» esatean, berandu zerekiko? Goiztiarrik ere izan zen ala? Azkenik, akats epistemologikoak daude: frogen ausentzia ausentziaren frogarekin nahastea, interpretazioak datu kontsideratzea, halako «datu» gramoekin azalpen tonak sortzea...

Nik pertsonalki ulertzen ez dudana da zergatik finantzatzen duen gure telebista publikoak konjetura bakar bat hainbeste dirurekin. Gure historiari buruzko konjetura guztien dokumental sorta bat ulertuko nuke: batzuek diote Orion konstelaziotik gatozela (adibidez, Ortzik), beste batzuek beti egon garela hemen (esaterako, Gaztelako Alfonso X.aren eskribauek), Anibalen armadatik ospa egindako koldarrak gara Almagro-Gorbearentzat, Atlantidakoak Menesesen ustez, Saharatik heldu ginen Arnaiz-Villenaren esanetan...

Konjetura bakar bat diru publikoarekin oparoki finantzatzea erabaki duenak azalpen publikoak eman beharko lizkiguke. Fake-zientzia dibulgazioaren eta finantziazio irizpide ezezagunen aurrean gaudela esaten dutenak erratuta daudela kontura daitezen.