GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Inbertsioak


Asteburuan Zorrotzan gertatutako tragediak bihotz ugari uzkurtu ditu. Egunkariek eta bestelako hedabideek azaldu dizkigute gertakariaren inguruko istorioak. Esan digute Bilboko auzo periferiko txiro batean izan dela gertakaria. Pobrezian eta bazterketa egoeran bizi diren familiak direla biktima. Heroi txikien istorio hunkigarriz bete dituzte orriak, morboz eta gustu txarrez eginiko istorio horiak ere bai. Filtrorik gabe. Ez digute kontatu nahi izan gertatu dena gertatu zitekeela ohartarazia zutela auzokideek eta zenbait alderdik, baina eskuineko alderdiek ez dutela ezer egin, alkatearen dolumin orrazkera txukuna harrotuz. Baina ezer ez da gertatzen, gertatzen ez den bitartean, gertatzen den arte. Eta nork hartzen ditu erantzukizunak bere gain orduan? Tragedia kontatu diguten sentsazionalismo berarekin kriminalizatu dute hedabide horiek pobrezia euren orrazkera txukuna nahasi gabe hilabete luzez, DSBE edo RGIaren aurkako kanpaina bortitzarekin. Lan horiek ez dira alferrik egiten, noski. Elite batzuen interes ekonomiko komunen araberakoa baita, oso txukunak ez diren ekimen politikoei lurreratze pista egokia jartzeko. Zoritxarrez, horiek dira informazio iturri nagusi gure herri honetan eta halaber, zoritxarrez, oso penetrazio maila handiko ideiak dira Europan beldurra ematen duten xenofobia, arrazakeria eta abarrak. Asaldura kilometro kopuruarekiko proportzionala baita.

Diru publikoa non eta zertan inbertitzen den. Asko esan nahi du horrek. Bilbon ikusten da. Urbanismoan klaseak existitzen dira. Erdigunean egin diren eta egingo dituzten inbertsio faraonikoak. Periferiaren utzikeria. Iruzur fiskalaren aurrean ez ikusiarena nola egiten den eta palazioetan sarbiderik ez duena lupaz nola kontrolatzen den. Lan ederra egin dute, bai, medio batzuek Eusko Jaurlaritzak DSBEan egin nahi duen murrizketa leunki sartzeko. Baina gogoratu behar da ez dela lehena: Patxi Lopezen gobernuak 2012an %7ko murrizketa egin zuen. Gipuzkoako Diputazioak 10 milio euroko murrizketa egin du DSBLn, erraustegian inbertitzeko edo.

Marotoz kexatzen ziren berberak dira. Nor da hipokrita, Aburto jauna?