Ezpeletako karrikak ikuskizunez beteko ditu Jokoz Kanpok
Antzerkiz, pailazoz, malabarrez, dantzaz eta musikaz jantziko ditu Ezpeletako karrikak Pinpulka elkarteak larunbatean. Jokoz Kanpo festibalaren 8. ediziorako ere «aniztasuna» bilatu dutela nabarmendu zuen Patxi Belly elkarteko kideak.
«Edizio bakoitzak badu bere izpiritua, urtero berezia da. Beti badira ikusgarrientzako toki berriak, eta noski ikusgarriak ere bai, urtero gauza bereziak ekartzen saiatzen gara», azaldu zuen.
«Arlo ezberdinak eta ideia ezberdinak badira, ekitaldiak denentzat eta denetan», baieztatu zuen Bellyk. Herriko xoko ezberdin eta harrigarriak okupatuko dituzte; aurtengo berezitasunetako bat U2T konpainiaren eskutik helduko den “Walls#3” izango da: dantza bertikala herriko gazteluko horman, zuzeneko musikak lagunduta, 16.00etan eta 18.30ean.
Dantza EliralE konpainiaren eskutik ere helduko da, plazan egingo duten “01.01” obrarekin. Euskal konpainia ere baden Banakikeren eskutik, “Ilargi arrantza” eskainiko dute Maika Etxekopar eta Battitt Halsouetek.
Frantsesez ere izango da antzerkia Le Theatre des Deux Mains konpainiaren “Le cochon qui avait lu Shakespeare» eta Nanouaren “Confessions d’une femme hachée” obrekin. Horri gehitu pailazoak, marabaristak eta txaranga bat, eta egun osoko egitaraua betea izango da.
8. edizioa
«Guretzat 8. edizioan izatea arrakasta da, hastapenetik bide hau hartu nahi genuelako, baina ez da erraza. Gure elkartean denak laguntzaileak gara, ez dago langilerik», azaldu zuen Pinpulkako kideak. Festibal handiagoen aitzinean espiritu alternatiboa atxiki nahi dutela baieztatu zuen Bellyk.