Amagoia Mujika
Kazetaria
IKUSMIRA

Parean emakume bat

Tenislari batek sutu nau astearen hasieran. Kazetari bat indarrez musukatu du, behin eta berriz. Kazetariak bere lana egin nahi zuen, ez besterik. Tenislariari baina, kostatu egiten zaio kazetari hori ikustea, profesional hori ikustea. Emakume bat baino ez du ikusten, emakume bat bakarrik, baimenik gabe eta gogoak eskatzen dion neurrian ukitu eta eskuetan erabil dezakeen gorputz bat. Ez dut tenislariaren izenik gogoratu nahi. Roland Garrosetik bota egin dute eta eskerrak. Tipoak 21 urte ditu.

Astearen bukaeran, berriz, UPNko Luis Zarraluqui parlamentariak piztu nau. Bere hizkuntzan ekarriko ditut hona bere hitzak, ñabardura guztiak jasoaz: «señora Solana, me encanta hablar con usted. Me cae usted bien y además diría incluso que es usted muy agraciada físicamente, con lo cual no tengo ningún problema en este sentido».

Grazia berari falta zaiona. Eta ez naiz bere itxuraz ari, nahikoa lan ematen didate bere esanek beste ezertan erreparatzen hasteko.

Tenislaria eta parlamentaria. Kirola eta jardun politikoa. Nola kostatzen zaien, baina, parekoa emakumea denean berdinetik berdinera aritzea. Izan ere, kazetaria gizonezkoa balitz, tenislariak musukatu eta bularra ukituko al lioke? Zarraluquik egiten ote du inoiz parlamentuan kide dituen gizonen itxuraren inguruko aipamenik?

Okerrena da, tristeena eta larriena, ez batak ez besteak ez dutela asmo txarrez egin. Natural-natural atera zaie. Izan ere, matxismoaren zuztarrak hain dira luzeak, naturaltasun osoz poroetatik alde egiten duela, izerdiak bezala. Perfumatu daiteke, baina hor segitzen du.