JUN. 03 2017 Boikota Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria Wonder Woman” filma herrialdeko aretoetan eskaintzea debekatu du Libanoko gobernuak, protagonista israeldarra baita eta Libano herrialde horrekin gerran dagoelako. Mundu politikan Libano jokalari neutrala ez bada ere eta giza eskubideei begira krimen larriak egin baditu ere, palestinarrekiko elkartasunez Israelekin zerikusia duen orori boikota egitea bultzatzen duten gizarte taldeek txalotu egin dute erabakia. Tel Aviveko unibertsitatean egoitza duen Dan David fundazioak urtero ematen duen saria aurten Jamaica Kincaidi eskaini eta honek onartu izana, ordea, harriduraz jaso dute. Sinesgaitza iruditzen zaie kolonialismoaren kontra luze idatzi duen egileak Israelek praktikatzen duen kolonialismoaren aurrean hain nabarmen ez ikusiarena egitea. Catherine Hall historialariari ere ematekoak ziren saria, baina honek uko egin dio. Aurretik Margaret Atwood eta Amitav Ghosh saritu zituen Dan David fundazioak, giza eskubideen defentsan jo eta ke ibilitakoak, eta haiek ere ez zioten milioi bat dolarreko ordainsariari muzinik egin. Israelen kontrako boikotaren kontra mintzatu ziren haiek bere garaian, ideien joan-etorria eragotzi, elkarlana deuseztatu, intolerantzia indartu eta bakearen aukera oztopatzen duelako. Ez zuten aipatu ez Atwoodek ez Ghoshek, Israel bera aspalditik akademiko, pentsalari eta idazle palestinarren kontra burutzen dabilen boikota. Milioi bat dolarren truke, ziur aski boikota denik ere ez zitzaien irudituko.