JUN. 03 2017 sokatira Goiherrik eta Gaztedik aginte makila erakutsi nahi dute hasieratik J.L. Astebeteko atsedenaren ostean, berriro ere badator Euskal Herriko Txapelketa, eta oraingoan 640ko lehen jardunaldiaren txanda izango da. Bihar jokatuko da Berrizen, 11.30ean hasita. Mutriku, Getxo, Gaztedi A, Gaztedi B, Goiherri A, Goiherri B eta Akelarre izango dira lanean arituko diren taldeak. Hiru jardunaldiko liga jokatuko dute, eta garbi dago aurreneko jardunalditik irabazten hasteak sekulako garrantzia daukala. Orain arte, 680koa jokatu da, eta hura Goiherri A taldeak irabazi zuen. Ezusteren bat ez baldin bada, maila honetako lehia ere aurrekoaren berdina izango da, Erandiokoen eta Gaztediren artekoa, alegia. Badirudi bi hauek gainerakoen aldean goitik agertzen direla, eta bi hauek aurreneko bi postuetatik kanpo ikustea ezustea litzateke. Nafarroako finalak Pasa den asteburuan jokatu ziren Nafarroako Lauko finalak, eta badira txapeldun berriak. Mutilen 330 kilokoan Beti Gazte izan da onena. Lesakakoak ziren faboritoak eta ez zuten hutsik egin. Euren atzetik sailkatu ziren Berriozar A, Txantrea, Berriozar B, Kaskailueta eta Antsoain. Nesketan, 235eko mailan lehiatu ziren, eta bi jardunaldiren ostean, Txantrea izan da onena, jokatutako bi jardunaldiak irabazita. Atzetik, Kaskailueta, Berriozar, Beti Gazte eta Antsoain sailkatu dira. Mutiletan, gazteek ere izan dute euren aukera. 20 urtez azpikoetan, 280ko mailan lehiatu dira eta lau jardunaldiko liga jokatu behar izan dute. Araxes izan da txapelduna, eta euren atzetik, Berriozar eta Ultzama sailkatu dira. Kadetetan, Araxes txapeldun.