GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Persiar golkoa, gerraren atarian


Berriro. Litekeena baino gehiago da. Probabilitateak bikoiztu egin dira herenegun Saudi Arabiak (beste hiru herrialdeak gonbidatu hutsak dira) Qatarrekiko harreman diplomatikoak eta era guztietakoak eten zituenetik. Pizgailua besterik ez da, ordea, hori.

Duela hilabete Irango Defentsa ministroak esan zuenean Saudi Arabiak astakeriaren bat egiten bazuen ez zela herrialde hartan ezer jo gabe geratuko, Meka eta Medina izan ezik, pentsa zitekeen ahoberokeria elektorala zela, hauteskundeen atarian baitzeuden irandarrak. Baina ez. MBS (Muhammad bin Salman) arabiar printze ahalguztidunak arestian egindako adierazpen erasokorrei erantzuten ari zen. Bi herrialdeen arteko harremanak nola zeuden oso argi geratu zen joan den irailean, Iranek bere herritarrei Mekara urteroko haj-era joatea debekatu zienean, probokazioen beldur.

Eskuordekoen bitartezko gerren garaia amaitu dela erabaki bide du MBSk (agian, denak Iranek irabazten dizkiolako), eta zuzeneko gerra egiteko ordua dela. Bueno, beste herrialde batzuek Arabiaren izenean gerra egin diezaioten Irani... ahalik azkarren, gainera.

Ez da, ordea, oso iaio ibili MBS, orain arte, horretan ere. Qatarri erasotzeko darabilen arrazoibidearen sinesgaiztasunagatik –azala behar du Saudi Arabiako agintari batek beste inori terrorismoaren babesle izatea aurpegiratzeko– edo jakizu zergatik, hiru konpai besterik ez ditu lortu Qatarren aurka abiatzeko: dena zor dion Al Sissi Egiptokoa, okupaziopean duen Bahrain eta Emirerriak. Oman ez agertzea normaltzat jo daiteke, baina Kuwait ere ez da ageri, Jordania eta urrutiagokoak ez aipatzearren.

Edonor jabetzen da hau guztia Trumpen bisitaldiaren ondoren gertatzen ari dela. Eta gauzak horrela, ezinbestekoa da 1990eko Santiago egun hartan Saddam Hussein eta April Glaspie enbaxadore estatubatuarraren arteko elkarrizketa (?) ekiboko hura gogora ekartzea.

Solaskideak oso ezberdinak dira, baina ingurumena bertsua da.