JUN. 08 2017 Neurria eman nahi ez duten King Kong emakumeak Virginia Despentes pentsalari frantsesak esana da, emakumeek, benetako emakumeek, King Kongen antz handiagoa dugula Kate Mossena baino; emakumeak eraikitako neurri jakin batzuen baitan sartu behar horretan, sekula neurririk ematen ez duten emakume izatera kondenatu gaituztela. Eta hori irauli beharra dagoela. Pentsalari feministaren «King Kong teoria» Itziar Diez de Ultzurun-ek ekarri du euskarara, Eskafandrak bildumari esker. Last update: JUN. 08 2017 - 06:12h Amalur ARTOLA DONOSTIA Angela Davis-en “Emakumeak, arraza eta klasea” klasikoak abiatu zuen Elkar eta Jakin-ek pentsamendu feministari bultzada emateko asmoz iaz abiatu zuten Eskafandra bilduma eta, oraingoan, zenbait hamarkada aurrera egin eta feminismora haize berria ekarri zuen Virginie Despentes-en “King Kong teoria” aurkeztu dute, Itziar Diaz de Ultzurunen euskarako itzulpenarekin. Jakin-eko Lorea Agirreren hitzetan, liburu «indartsua eta berezia» da Despentes-ena, baita liburu iniziatikoa ere, «kolpatu egiten zaituelako, zerbait eragiten dizulako; deseraikitze bidean jartzen zaituen liburua da, begirada beste norabait eramaten du». Pentsalari frantsesak egungo gizartearen kritika gogorra egiten du “King Kong teoria”-n alor ezberdinak jorratuz –tartean feminitatearen hipokrisiaz, maskulinitatearen mistizismoaz eta bortxaketaren kulturaz mintzatzen da– eta feminismoak “ukietzintzat” hartu dituen zenbait ideiaren gaineko gogoeta zabalagoa egitea ere proposatzen du. «Feminismoak kritikatu duen hori hartu eta beste buelta bat ematen dio, pornografia eta prostituzioan adibidez, feminismoan ere posizionamendu kontserbadoreak badaudelako», nabarmendu zuen Agirrek. Bere dikurtsoagatik Despentes emakume polemikotzat hartua izan dela eta Coralie Trinh Thi-rekin batera filmatu zuen “Baise-moi” (1998) filma Estatu frantsesean debekatua izan zela ere ekarri zuen gogora Agirrek: «Liburu honetan azaltzen du debekatua izan zela arauak hausten dituzten emakumeek egindako filma delako; Despentesek, gure ideia ustez aurrerakoi eta liberatzaileei oraindik buelta bat gehiago ematen die». Ispilu-jokoa Liburua Diaz de Ultzurunek itzuli badu ere, edizio taldean hainbat emakumek hartu dute parte: Agirrez gainera, Eider Rodriguez Martin, Ainara Lasa Perez, Anari Alberdi Santesteban, Amagoia Gurrutxaga Uranga, Maialen Lujanbio Zugasti eta Idurre Eskisabel Larrañaga. Hitzaurrea, aldiz, Irene Arrarats Lizeagak egin du. Eskisabelek jolas-parkeetako ispiluen etxeekin alderatu zuen Despentes-en saiakerak eragiten duen sentipena: «Etengabe ez zara errekonozitzen, monstruo moduan ikusten duzu zeure burua, baina hori ere zu zara; nire desitxuraketa mordo bat ikusi nituen liburu honetan». Feminitatearen eraikuntzan bortxazko egoerek duten garrantzia ere nabarmendu zuen Eskisabelek: «Nire bizitzako oroitzapenen artean bada sostena erabiltzen hasteko unearena. Gizonen jolasa zen sostena nork zeraman atzeman eta atzetik tira egitea. Hor emakume bat zegoen jada, eta gizonek bazuten gorputz horretan interbenitzeko aukera. Edo ipurdia ukitzekoa. Eta ez ziren psikopata edo munstroak». Bortxazko egoera horien ondorioz feminitatea ahuldadearekin harilkatzen dela eta munduan seguru eta aske ibiltzeko aukera ez izatearekin lotzen dela ere zehaztu zuen. «Hortik dator gutaz gaindiko gizon sozialaren beharra izatea gure buruaz gozatu ahal izateko», ziurtatu zuen. OTZAN ZURIA Despentesek feminitatea «hipokrisia hutsa, otzan zuria izateko artea» dela esan, eta feminismoak «ukiezintzat» izan dituen zenbait ideiaren gaineko gogoeta zabalagoa ere egiten du.