JUN. 09 2017 «In vitro» bertsolarien belaunaldia «In vitro» bertsolarien belaunaldia. Hala izendatu izan du Jon Maiak, ohikoa duen umore tantaz, 80ko eta 90eko hamarkadetan bertso eskoletatik plazetarako jauzia egiten ari ziren bertsolarien belaunaldia. Garai haien errepaso pertsonala bildu du «Berriak jaio ginen» kronika liburuan. Bertsolaritzaz hitz egiten du, krisialdiez, belaunaldien arteko loturaz, generoaz, plazetan kide izan dituenez... eta, batez ere, horrek guztiak utzi dizkion sentipenez. Last update: JUN. 09 2017 - 06:32h Amalur ARTOLA DONOSTIA Joan den astean errotatiba geldiarazteko tentazioa izan zuen Jon Maia Soriak. Urduri zegoela aitortu du, Lanku-rekin argitaratu duen “Berriak jaio ginen” kronika-liburuan ez ote den gehiegi biluzi. Esan beharreko guztiak egoki esan ote dituen. Ez ote duen ezer ahantzi. «Baina liburua irekitzera ausartu naiz azkenean eta lasaitu egin naiz», baieztatu zuen atzo Donostiako Rekalde tabernan egin zuen aurkezpenean. Aurkezpenerako lekua ez du halabeharrez hautatu. “Tabernetan eta gaztetxeetan ere kantatu nahi dugu” aldarrikapenarena ozen entzuten zen garaian Rekalden makina bat saio egindakoa da Maia; tabernaren jabe Agusen ama andaluziarra izateak eta euskaraz egiteak bere arbasoak ekartzen dizkio gogora –gurasoak Extremadura eta Zamoran jaioak ditu– eta, hain zuzen, bi elementu horien baitan eraiki du “Berriak jaio ginen” liburua: 80 eta 90eko hamarkadetan gertatu zen bertsolaritzaren eraberritzearen ondotik bertso eskolak sortu eta horietan aritutako bertsolari gazteak plazara irten zireneko garaiak bildu ditu batetik eta, bestetik, bere esperientzia pertsonaletik abiatuta, bertsolaritza-tradiziotik jaso ez duena «1997ko Txapelketa Nagusiko finalera iristea nola den posible» aletu du. «Ez naiz teorialari edo soziologoa, esperientziatik idazten dut errazen; biluztu egin naiz eta horrek ‘konpuerta’ asko zabaldu ditu», onartu zuen. Hala, liburuan zehar 1987tik 1997ra bitarteko kontuak eta bizipenak bildu ditu eta hitz egiten du identitateaz, tradizioaren eta modernitatearen arteko talkaz, bertso eskolen ekarpenaz, politikaz, hizkuntzarekin izan duen harreman pertsonalaz, genero-berdintasunaz... «Helburua da belaunaldi berriei transmititzea nola iritsi garen gaur egunera, eta uste dut bide horretan jada gaindituta ditudan gatazkak kontatzeak lagunduko diela beraiei ere». Liburuan, esaterako, kontatzen du nola bizi izan zuen txapelketa bat lehenengo kanporaketan utzi beharra: «Gogorra da. Nire bertsokera ez zela ulertzen pentsatu nuen. Planteatu izan diot nire buruari bertsolari izateari uztea. Gertatu zait kantatu haurretik bizpahiru aldiz joatea komunera botaka egitera, oraindik gosaldu gabeko nortasuna duzunean, batez ere. Nik kontatzen ditut nire bizipenak, orain dabiltzanek jakin dezaten ez daudela bakarrik basamortu horretan». Lagunen artean ondua Saiakera autobiografiko eta kronikaren artean dagoen liburua osatzeko prozesua lagunartean egin du Maiak. Hainbatetan bidelagun –eta garaikide– izan dituen Igor Elortza eta Unai Iturriaga ondo gertuan izan ditu eta, hein batean, horien kontakizuna ere badela nabarmendu zuen Maiak. Gainera, Elortzak egin dio liburuko hitzaurrea eta Iturriagak, berriz, ilustrazio eta collageak. «Liburuak badu umoretik, baina baita seriotik ere. Saiatu naiz umore hori jartzen, autobiografia batek izan dezakeen grabedade hori arintzeko», esan zuen. Editore lanetan, aldiz, belaunaldien arteko zubi-lanak ondo ezagutzen dituen Andoni Egaña jarri du: «Jonek ematen digu kronika bat oso pertsonala, kontatzen du berak nola bizi izan zuen bertsogintza garai hartan», zehaztu zuen, eta gogora ekarri zuen aro berekoak direla Irazu, Lujanbio, Mendiluze, Agirre, Sarriegi, Arozena, Silveira... «Lehenengo aldiz genero denak eta herrialde ia guztiak harrapatzen dituen belaunaldia da, baita bertso eskoletan sortutako lehena ere», zehaztu zuen, eta belaunaldi-artekotasunaz ere mintzatu zen: «Gaur egunean ez da arraroa 35 urteko bertsolaria 22koarekin aritzea, orduan hasi zirenak ere oraindik plazetan dabiltza, eta hori seinale ona da», amaitu zuen. BIZIPENAK Kronika eta saiakera autobiografikoaren artean dagoen liburu honetan, 1987tik 1997ra bitartean bertsolaritza nola bizi zuen kontatu du Jon Maiak.