JUN. 10 2017 sokatira Goiherrik txapela erabakita utzi nahi du J.L. Erandioko Martiartu auzoan jokatuko da gaur 17.30ean 640ko bigarren jardunaldia. Aurrenekoa Goiherri A taldeak irabazi zuen, eta Erandiokoek ez dute etxean hutsik egin nahi, eta gaurko garaipenarekin txapela ere etxera begira utzi nahiko dute. Gaztedi A taldeak badaki gaurkoan ere berdeek lortzen badute garaipena eurentzat oso zaila izango dela, ia ezinezkoa, txapela lortzea. Horretarako, gaur irabazi beharra daukate Laukizkoek, Goiherrirekin sailkapenean berdindu eta azkeneko jardunaldian txapela erabaki ahal izateko. Baina aipaturiko bi talde hauek bakarrik ez dira izango lehian, han izango baitira Goiherri B, Mutriku, Gaztedi B, Akelarre eta Getxo ere. Mutrikuk eta Goiherriren bigarren taldeak lehia polita izan zuten hirugarren posturako eta gaur ere horrela izatea espero da. Hasierako saioan Erandiokoen bigarren taldeak lortu zuen hirugarren postua. Harri-zulatzea Harri-zulatzaileen Euskal Herriko Ligako bigarren jardunaldia jokatuko da gaur, 19.00etan, Gallartako Dolores Ibarruri plazan. Aldai Alde, Burdin Gazteak, Errekatxo, KZ Kolpeka, Kabiezes eta Piratak lehiatuko dira. Lehen jardunaldian Trapagak irabazi zuen eta ongi, gainera, gainerako talde guztiei aldea kenduz, baina bigarren posturako sekulako lehia izan zuten Burdin Gazteak, Piratak eta Errekatxo taldeek. Orain zaleek jakin nahi dute lehen jardunaldian ikusitakoaren arabera ibiliko den ala ez denboraldia, aurreneko ekinaldian zalantza batzuk izaten baitira.