GARA
DONOSTIA

Zinema ekitaldi sozial modura berreskuratzeko sortu da Donosskino film laburren jaialdia

Uztailaren 6tik 8ra egingo da Donosskino film laburren jaialdiaren lehen edizioa. Donostiako Blas de Otero plazan domo geodesiko bat ezarriko dute eta orotara 1.200 film labur proiektatuko dituzte.

Urtean zehar Donostian egiten diren zinema festibalen eskaintza zabaltzera datorren egitasmoa da Donosskino. Antolakuntzakoek azaldu dutenez, hirian film laburren emanaldiari eta lehiaketari esklusiboki eskainitako jaialdirik ez dago eta hutsune hori betetzeko asmoz sortu dute aurten, lehendabizikoz, uztailean egingo den jaialdia.

«Uztaileko hiru egunetan zehar, donostiarrek eta bisitariek berebiziko festa zinematografikoa bizitzeko aukera izango dute», ziurtatu dute.

Hala, uztailaren 6tik 8ra bitartean Blas de Otero plazan 60ko hamarkadako zinemara hurreratzeko asmoz domo geodesiko bat ezarriko dute: ikuslea iraganera eramango duen zinema aretoak hamalau metroko diametroa eta zazpi metroko altuera izango du eta, orotara, 170 ikusle hartzeko gaitasuna izango du. Gaineratu dutenaren arabera, elkarte antolatzaileak, Kristonkino-k, «nobedadearen eta ikusgarritasunaren aldeko apustua» egin nahi du domo horren ezartzearekin eta zinema «ekitaldi sozial» gisa berreskuratzeko asmoa dago ekimenaren atzean.

«Aldi berean, kolektiboaren kideek Egiako Blas de Otero plaza bizigarri eta oinarri kulturala duen aisia-espazio bihurtu nahi dute, aldameneko Tabakalera zentroaren proposamenekin bat etortzeko», gaineratu dute.

Eta bide batez, domoko eskaintzaz gainera, Tabakalerara ere zabalduko da jaialdia. Eraikineko laugarren solairuan, Kutxa Kultur espazioetan, 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako tailerrak egingo dira film laburren inguruan, eta laburren distribuzioan aditu den Ismael Marinek masterclass bat eskainiko du gune horietan.

Festibaleko ekitaldi nagusia, baina, sail ofiziala izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, sail ofizialean lehiatu nahi duten Estatu espainoleko 350 film labur jaso dituzte eta horiei batuko zaizkie lehiaketatik kanpo emango diren nazioarteko 641 film laburrak. Haurrei zuzendutako saila ere izango du jaialdiak eta, aurten, 213 izan dira Zinemakiddo izena duen atal horretan aurkeztu diren film laburrak. Antolakuntzakoek nabarmendu dute denera 1.200 film labur baino gehiago jaso dituztela jada, lehenengo edizioa den honetan.

Uztailaren 6an eta 7an film laburren proiekzioak egin ostean, 8a izango da jaialdiko egun bereziena. Donosskino-ri itxiera emango dioten egun horretan, tailerretan parte hartu dutenek egin dituzten film laburrak ikusi ahal izango dira Zuloaga plazako Principe zinemetan.

Ohorezko saria Sagarzazuri

Sarituak hautatzeaz arduratuko den epaimahaia Miren Aperribay, Jon Paul Arroyo, Meno Martin era Iñaki Ortizek osatuko dute, eta zinema aretoan bertan egingo den ekitaldian jakinaraziko dute zeintzuk diren aurtengo saridunak.

Horrez gainera, ohorezko saria ere izango da Donosskino jaialdiaren lehen edizioan: aipatu ekitaldian bertan Pako Sagarzazu aktoreak jasoko du lehen ohorezko saria, film laburren arloan egindako ekarpenagatik.