JUN. 12 2017 Hilberria Euskal erresistentziaren lekuko eta eragilea Xabier IZAGA Gaixotasun batek trenkatu du Mikel Etxeberria Iztueta Makauen euskal militantearen bizia. Etxeberria Berastegin jaio zen duela ia 72 urte, eta horietatik gehienak Euskal Herriaren nazio eta gizarte askatasunaren aldeko borrokari atxikita bizi izan ditu. 1965ean ETA erakunde armatura sartu zen. Urte haietan bi aldiz atxilotu, torturatu eta kartzelatu zuten. Espetxeko egonaldi haietako batean, 1966an, jaso zuen prestakuntza militarra. Soldadutzan zela, 1967an, ihes egin zuen, Espainiako Armadako kide barik «eusko gudaria» izatea erabakita, eta beste militante batzuekin batera Bilbo eta Laudio arteko ingurura jo zuen. ETAren zuzendaritzako kide gehienak 1969an erori ziren, Bilboko Artekale kaleko pisu batean eta bi egun geroago Mogroviejoko (Kantabria) etxe batean. Mikel Etxeberriak Artekaleko pisutik ihes egitea lortu zuen, zaurituta. Paris, Belgika, Ipar Euskal Herria, Jugoslavia, Kuba... izan zituen bizileku, beste herrietako askapen prozesuetatik ikasteko asmoz. Ekintzaile ez ezik, itzultzaile, mekaniko, nekazari eta beste hainbat lan egin zituen herri horietan guztietan. Euskal mugimendu iraultzailearen une erabakigarrienak bizi izan zituen, hala nola ETAren V. asanblada, 1966an, eta Jose Migel Beñaran Argalaren «ponentzia gorria» onartzea, 1974an. Hain zuzen, Argalaren bidez izango zuen 1977an Xibertako elkarrizketen berri zuzena. Urte hartan Hego Euskal Herrira itzuli zen, baina ez zuen bere militantzia utziko. 1998an Mexikoko Gobernuak Espainiara bidali zuen eta 2003ra arte kartzelan izan zuten. Euskal militanteen borroka ez dela erakunde baten aldeko borroka zioen, Euskal Herriaren aldekoa baizik, eta begi onez ikusten zuen ezker abertzalearen estrategia aldaketa, «berdinketa egoeratik» ateratzeko. Bizi osoa borrokari lotuta eman ondoren, isilean joan da, bizi izan zen bezala, azken momentura arte betiko kezka buruan: Euskal Herriko askapen nazional eta soziala.