J.L.
sokatira

Goiherri A txapela lortzetik oso gertu dago

Goiherri A taldea 640ko Euskal Herriko txapela lortzetik oso gertu geratu da, atzo Erandion jokatu zen bigarren jardunaldia irabazi ostean. Lehen jardunaldia ere bereganatu zuen, eta dena amaitzeko ekinaldi bat besterik geratzen ez den honetan, bi puntuko aldea kentzen dio Gaztedi A taldeari, eta ez dirudi honek horri buelta ematea lortuko duenik.

Erandioko taldeak irabazi egin zituen jokatutako tiraldi guztiak. Gaztedi A taldearen aurkako lehia zen interesgarria, gainerakoekiko alde handia baitago, eta hori ere irabazi egin zuen, eta horrekin lehen postua segurtatuta utzi zuen.

Bigarren postua izan zen Gaztedi A taldearentzat. Laukizkoek Goiherrirekin galdu egin zuten, eta bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Emozioa, ordea, hirugarren posturako izan zen. Berdinduta geratu ziren Goiherri B eta Mutriku. Bizkaitarrak eta gipuzkoarrak berdinean amaitu zuten jardunaldia, eta sailkapen nagusian lehen jardunaldian Goiherri B taldeak lortu zuen aldeari eutsi egiten dio.

Gaztedi B taldea sailkatu zen bosgarren postuan. Laukizkoen bigarren taldeak hiru puntu batu ahal izan zituen, eta sailkapenean, berriz, berdinduta amaitu zuten Akelarrek eta Getxok. Lehen jardunaldian Akelarrek Getxoren aurretik amaitu zuen, eta horri esker, sailkapen nagusian ere aurretik izango da.

Datorren asteburuan jokatuko da maila honetako azkeneko jardunaldia, eta une honetan Goiherri A taldea doa lehen postuan, bigarren dagoen Gaztedi A taldeari bi puntuko aldea kenduz, eta badirudi hori nahikoa izango dela txapela lortzeko.