Unai Bilbao Solaetxea*
Granadako espetxean preso dauden euskal preso politikoak
KOLABORAZIOA

Granadako espetxean emakumeek zigor bikoitza

Gutun honen bidez, Alboloteko euskal preso politikook, azken asteotan espetxean gertatukoaren harira, ondorengoa adierazi nahi diogu euskal jendarteari:

Maiatzaren 18an gure bi kide, Ainhoa Mujika eta Agurtzane Delgado, isolamendura eraman zituzten bertan denbora mugagabean uzteko asmoz.

Badira bost urte emakumeen 9. moduluan lan behartuak egitera derrigortu zituztenetik. Goiz batean, patioko komunak begiztatu ondoren, zikinak zeudelakoan, presoekiko jarrera txarrak zituen funtzionario bat patio erdian jarri eta bertako emakumeei builaka hasi zitzaien: mari-zikinak zirela oihukatuz iraindu zituen, baita une horretatik aurrera komunak garbitzeko ardura emakume guztiena izango zela esan ere. Geroztik, funtzionario horren haserrealdiak bertako emakume preso guztiengan izan du eragina, eta hori berori inon idatzita ez dagoen arau bihurtu da.

Esan beharra dago 9. moduluan, eta «errespetuzkoak» ez diren gainontzeko guztietan, betidanik egon dela komuna garbitzeko «destinoa» (destinoak presoek onuren truke borondatez egiten dituzten lanak dira). Alabaina, «errespetuzko» deritzen moduluetan preso guztiak hainbat lan egitera behartuta egoten dira.

«Errespetuzkoak» ez diren gizonen moduluetan, berriz, inor ez dago behartuta komunen garbiketa egitera; lehenago esan bezala, onuren ordainetan lana bera «destino» hori duten preso boluntarioek egiten dutelako. 9. moduluko emakume guztiak horretara behartzeak argi eta garbi adierazten du zuzendaritzaren erabakia erasokorra eta matxista dela.

Horrela, Agurtzanek eta Ainhoak hasieratik uko egin diote derrigorrezko lan hori egiteari espetxeari esanez eginbeharreko hori betidanik «destinoa» izan dela, eta ez dela bidezkoa presoak lan horretara behartzea. Kideez gain, 9. moduluko beste emakume multzo batek ere protestari jarraitu dio. Horren ondorioz, baina, uko egin dioten emakume preso guztiek zigorrak jaso dituzte behin eta berriro.

Egoera horretan, espetxeak arazoa handitu egin du, eta Ainhoa zein Agurtzane mehatxatu ditu: «o limpiais o vais a aislamiento indefinidamente». Zuzendariak erabaki irmoa hartu du: maiatzaren 18an bete zuen mehatxua. Benetako arrazoia 9. moduluko gainontzeko emakumeak beldurtzea izan da, horretarako euskal preso politikoen aurka jo duelarik. Dena dela, 9. moduluko emakumeen erantzuna ez da izan zuzendaritzak espero zuena, modulu horretako ia preso guztiak zuzendaritzaren erabakiaren aurka agertu eta gure kideei elkartasuna adierazten dien idazki bat sinatu eta bidali ere egin baitiote zuzendaritzari.

Horregatik guztiagatik, oso erabaki larria dela deritzogu. Emakumeak derrigorrezko lanak egitera behartu nahi dituzte, nahiz eta era horretan bertako arauen aurka nahiz errespetuzko ez diren gizonezkoen moduluetan jokatzen den moduaren aurka jo.

«Ez leku» horien oinarria gorputzen kontrola da, eta emakumeek are kontrol larriagoa pairatzen dute. Espetxea gizonezkoentzako pentsatua izan da; bai eraikuntza fisikoari bai ideologikoari dagokionez. Horrek estigma bikoitza dakarkio emakumeari: preso izatearena, eta emakume txarra izatearena ere bai. Hortaz, zuzendaritzaren jokaera erasokor, patriarkal eta matxistak aipatu estigmatizazioa areagotzen du.

Hamaika adibide dira horren guztiaren erakusle. Esate baterako, espetxean ordaindutako «destino» edota lanak, adibidez: iturgintza, mantentze-lana, arotza, ekonomatoa, paketeria... gizonezkoentzako dira. Espazioen zein arroparen garbiketa eta sukaldea, aldiz, emakumearentzat.

Halaber, aipatzekoa da zuzendaritzak senideen aurrez aurrekoen inguruan harturiko erabakia. Bada, debekatu zituzten bikotekidearekin soilik egitea, horregatik, beste senide batek izan behar du bertan. Azken erabaki hori ere zuzendaritzak presoen sexualitatearen kontrolaren gainean duen obsesioaren ondorioa da, jakina, aurrez aurrekoetan harreman sexualak ekiditeko. Nork eman dio, ostera, norbanakoaren sexualitatearen gainean erabakitzeko eskumena?

Zuzendaritzaren jokamoldea, arazorik ez dagoen tokian arazoak sortuz eta ondoren irtenbide despotikoak emanez, arazo berrien iturri besterik ez da 1.500 preso bizi garen «ez leku» honetan. Euskal Herria aurrerapausoak ematen ari den honetan, horrelako jokamoldeek ez dute inolako lekurik. Guk ez dugu etorkizuneko Euskal Herri askean horrelako izaera eta jokabiderik duen erakunderik nahi. Beraz, gaur egungo egoera amaitzea eskatzen dugu: batetik, emakumeekiko erasoak amaitzea; eta, bestetik, Ainhoa eta Agurtzaneren berehalako isolamendu egoera bukatzea.

Euskal gizarteari elkartasuna eta babesa eskatzen diogu, eta aurrerantzean egingo ditugun ekinbideetan denon partaidetza bultzatu nahi dugu. Horretarako, hain zuzen, Kalerakalera.eus helbide elektronikoan izango duzue gure berri.

*Granadako espetxeko euskal preso politikoek sinatua: Arkaitz Agote Cillero, Iban Apaolaza Sancho, Txetxu Barrios Martin, Iñaki Beaumont Etxeberria, Unai Bilbao Solaetxe, Egoitz Coto Etxeandia, Agurtzane Delgado Iriondo, Unai Lopez De Okariz, Imanol Miner Villanueva, Ainhoa Mujika Goñi, Jon Olarra Guridi, Asier Rodriguez Lopez eta Diego Ugarte Lopez De Arkaute.