GARA Euskal Herriko egunkaria

Greba eta mobilizazioekin jarraituko dute hezkuntzan

Datozen azaro eta abendurako beste bi greba egun iragarri dituzte ELA, LAB eta Steilas sindikatuek, EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan eta haur eskoletan.


Azken hilabeteetan EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan eta haur eskoletan buruturiko greba eta mobilizazioek babes zabala jaso dute. Hala ere, ELA, LAB eta Steilasek atzo salatu zutenez, Gasteizko Gobernuak «ez du benetako negoziazio asmorik agertu egungo eskola publikoaren eta bertako langileen egoera hobetzeko».

«Egoera honetan, ekainean zehar eta irailetik aurrera greba eta mobilizazio dinamika mantentzea beste biderik ez dugula uste dugu», adierazi zuten sindikatu kideek, ekainaren 2an Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan hezkuntza publikoaren egoera eta beharren inguruko word-cafe irekia antolatuko dutela iragartzearekin batera.

Ikasturte hasierarekin mobilizazio berriak gauzatuko dituzte. «Urrian itxialdiak egingo ditugu ikastetxeetan, hitzaldi, antzezlan, kontzertu eta gure aldarrikapenak landu eta sozializatzeko hainbat ekimen garatuz. Eta azaroan eta abenduan bi greba egun egingo ditugu irakasleek, heziketa berezian, sukalde eta garbiketako langileek, bai eta haur eskoletan ere».

Sindikatuek hezkuntza inbertsioa handitzea eta gutxienez 2.000 langile gehiago izatea eskatzen diote Lakuari. Halaber, ikasle-ratioa %10 murriztea eta hezkuntzako langileek erosahalmena berreskuratzea exijitzen dute.