GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren kontratuak


Ez pentsa musikaren kontratuei buruz jardungo dudanik. Kontratuetan aditua izan baino, kontratuak gauzatu ditut. Kontratu idatziek ahoz hartutako akordioak gogoratzeko baino ez lukete izan beharko, oroimen idatzia, hitzartutakoa ez ahazteko. Euskal Herrian diskoei dagozkien kontratuak egitera oso berandu iritsi ginen. Beti dago ongi ahoz hitzartutakoa paperezko bertsioan edukitzea.

Kontraturik garrantzitsuena bizitzarekin dugun hitzarmena da, norberak bere bizitzarekin egiten duen kontratua, bizialdiak nola arautzen duen bizi-proiektuak. Kontraturik bizikorrenaren artikulu eta puntuak ez daude idatzita. Oroimenean iltzatuta eduki beharko genituzke, baina komenentziaren arabera aldatu ohi ditugu iskin eginez aldez aurretik norberarekin adostutakoari.

Gehiengoak ontzat hartuko luke Gasteizen pentsamendu autonomoak 80ko hamarkadan asmatutako “Abajo el trabajo” leloa, baita lanik egin gabe oinarrizko errenta unibertsalarekin bizitzea ere, baina duintasunaren azpiko lan-kontratuak dira gehienak: mendekotasun adostuak.

Kattalin Minerrek “Nola heldu naiz ni honaino” nobelan maiz aipatzen ditu musika eta kontzertuak. Baina batez ere, adostutako harreman motak eta pertsonaiak liburuan norberarekin negoziatutako kontratuak agertuko dira. Beatriz Preciado-ren eta Virginie Despentes-en ideiak bereak egin ditu (prostituzioaren abolizioaren aurka, kontra-sexualitate kontratua, King Kong teoria) identitate sexual subertsiboak eraikitzeko.